Pazienteak "hertsatu" edo "beldurtu" zituztela ukatu dute antiabortistek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 18a

2022ko irailaren 28tik azaroaren 4ra bitartean egin ziren kontzentrazioak. Argazkia: ALEA

Auzipetuek esan dute ez zutela "inolako interakziorik" aurretik igarotzen ziren emakumeekin eta langileekin.

Gasteizko Askabide klinikaren aurrean abortuaren aurkako kontzentrazioak egiteagatik epaitzen ari diren 21 pertsonek ukatu egin dute pazienteak eta langileak "hertsatu" eta "beldurtu" zituztela, eta azpimarratu dute elkarretaratze horietan "otoitz egitera" mugatzen zirela.

Arabako Zigor arloko 1 zenbakiko epaitegian antiabortisten kontra egiten ari den epaiketaren bigarren eguna izan da gaurkoa, eta akusatuen txanda izan da. Horietatik hemeretzik beren abokatuen galderei bakarrik erantzun diete, eta bik bakarrik erabaki dute fiskalari ere erantzutea. Inork ez dio erantzun akusazio partikularrari.

"Ezer txarrik ez"

Auzipetuek onartu dute txanda eta talde txikietan biltzen zirela, bost bat lagunekoak, eta esan dute elkarretaratzeak isilak zirela. Aitortu dute kontzentrazio horiek 40 días por la vida izeneko kanpainaren barruan egiten zituztela, baina ukatu egin dute kolektibo horretako kide direla.

Antiabortistek ukatu dute aurretik igarotzen ziren emakumeekin eta langileekin "inolako interakziorik" zutela, eta azpimarratu dute haien asmoa ez zela "inori enbarazu egitea", baina "beste kontu bat da jendea gogaituta sentitzea". "Ez genuen ezer txarrik egiten" esan dute.

Gaurko saioan, fiskalak bost hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, derrigortze delitu bat egotzita, eta, horren ordez, komunitatearentzako ehun eguneko lanak egin beharko dituzte. Defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu du, adierazpen askatasuna erabiltzen ari zirelako. Epaiketak ostegunean jarraituko du, azken txostenen aurkezpenarekin. Gero epaia emango da.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago