Antiabortisten jazarpena azaldu du Askabideko zuzendariak epaiketan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 17a

Protesta antiabortisten jomugan izan da Gasteizko Askabide Klinika. / ALEA

Gaur goizean hasi da abortatzera zihoazen emakumeei jazarri zitzaizkien 21 pertsonaren aurkako epaiketa, Gasteizen. Biharko deitu dituzte deklaratzera antiabortistak, ostegunean izango da azken saioa, eta auzia epaiaren zain geratuko da. 

2022ko irailaren 28tik azaroaren 4ra bitartean, abortuaren aurkako kontzentrazioak egin zituzten Gasteizko Askabide klinikaren aurrean, 40 días por la vida izeneko kanpainaren barruan. Gaur, kontzentrazio horietan parte hartu zuten 21 lagunen kontrako epaiketa hasi da Arabako Zigor arloko 1 zenbakiko epaitegian. Abortuaren aurkako talde baten kontra Espainiako estatuan egiten den lehen epaiketa da.

Bost hilabete arteko kartzela zigorra edo gizartearentzat lan egiteko 100 egun arteko zigorra eta hiru urtez klinikara ez hurbiltzeko debekua eskatu du fiskaltzak. Askabide akusazio partikular gisa aurkeztu da auzian, eta 20.000 euroko kalte ordaina eskatu du.

Fiskaltzak Zigor Kodearen 172. artikuluan aurreikusitako derrigortze delitutzat jo ditu kontzentrazioak, haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea eta osasun arloko langileen jarduera oztopatzeagatik. Artikulu hori 2022an sartu zen indarrean, haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea ekintza gogaikarri, iraingarri, larderiatsu edo hertsatzaileen bidez oztopatzen dituztenak zigortzeko eta emakume bat edo abortuak egiten dituzten zentroetako profesionalak jazartzen dituztenak zehatzeko.

"Otoitzak astakeriak esateko erabiltzen zituzten"

Igor Elberdin Gasteizko Askabide klinikako zuzendariak gaur epaiketan zentroaren aurrean agertzen ziren antiabortisten jazarpena eta presioa azaldu ditu. Klinikako gerenteak azaldu duenez, urtean bi aldiz 40 egunez abortuaren aurkakoek egunero egiten zuten elkarretaratzea, arrosarioekin, kamisetekin eta kartelekin, eta modu antolatuan egiten zuten, "txandaka", bertan "ahal zuten guztia" egoten saiatzeko. "Etengabeko zerbait zen, egun osokoa. Kartelak erakusten zizkiguten, seinalatu, begiratu, ozen otoitz egin, argazkiak atera... ", kontatu du Elberdinek, eta gaineratu du: "Otoitzak astakeriak esateko erabiltzen zituzten".

Salatutako lehen elkarretaratzea 2022ko urriaren 28an izan zen, haurdunaldia eten ostean klinikatik ateratzen ari zen emakume bat manifestariak ikustean "suminduta" itzuli zenean. Hurrengo egunetan beste bezero batzuek "antsietate eta urduritasun atakeak" izan zituzten, eta azaldu duenez jazarpenak klinikako langileei ere "psikikoki eragin zien". Horren ondorioz, gerenteak ziurtatu du paziente batzuek bertan behera utzi zituztela hitzorduak, "ez zituztelako seinalatuak izan nahi".

Klinikako langileei ere jazarpenak "psikikoki eragin zien"

Elberdinek aurkeztutako salaketen ondoren, urruntze agindu batzuk eman ziren, eta, orain, kontzentrazio horiek inguruko plaza batean egiten dira, eta ordutik, langileak eta pazienteak "askoz lasaiago" daude.

Epaiketaren lehen egun honetan lekuko gisa deitutako 27 pertsonak deklaratzen ari dira, besteak beste, manifestarien presentziagatik "beldurtuta" eta "seinalatuta" sentitu ziren langile bat eta paziente bat.

Gasteizko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako zenbait agentek ere deklaratu dute. Hainbat aldiz joan ziren klinikara, Elberdinek deitu zuenean, manifestarien presentzia salatzeko. Poliziek nabarmendu dutenez, elkarretaratzeak baketsuak izan ziren, parte hartzaileak otoitz egiten ari ziren eta kartelak "ez ziren iraingarriak".

Defentsak absoluzioa eskatu du langileei eta pazienteei ez zitzaielako enbarazu egin, akusatuak otoitz egitera eta pankartak erakustera mugatu zirelako, adierazpen askatasuna erabiliz. 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago