Kalean bizi direnek harreragune berri bat izango dute Gasteizen. Zaramagako Santa Isabel haurreskola zaharrean izango da, eta negu honetan egongo da eskuragarri behin-behinean, udaletik azaldu dutenez. Ondoren, lokal hori bera berrituko dute "zerbitzua modu egonkorrean eta prestazio handiagoekin" martxan jartzeko 2026aren amaieratik.
Beste kokaleku batzuk baloratu ondoren, eta haurreskolako behin betiko obren lizitazio prozesuarekin batera, Gizarte Politika taldeak neguko arretarako behin-behineko dispositiboa lokal berean irekitzea erabaki du, Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak azaldu duenez.
Oinarrizko egokitzapenak egin dituzte espazioan, 24 plaza berri eskaini ahal izateko, gaur egungo 40 plazei gehituta. Zerbitzua "ate irekien egunak" irizpidearen arabera aktibatuko dute tenperatura baxuak, elurra edo bestelako eguraldi txarrak daudenean. "Gainera, lanean jarraitzen dugu, beste baliabide batzuen bila, negu honetan plaza gehiago eskaini ahal izateko", gaineratu du zinegotziak.