Gainezka daude bazterketa egoeran dauden lagunentzako gizarte zerbitzuak Gasteizen. Azken urteetan asko igo da kalean bizi direnen kopurua, eta udalaren larrialdietarako eskaintzak ez du maila berean egin gora. Baliabide falta handia salatu dute langileek.
Neguan zerbitzu bereziak aktibatu ohi dira Gasteizen, inork gogoz kontra pasa behar ez izateko gaua kalean, baina zerbitzu hauek ere hainbat murrizketa jaso dituzte, eta baldintzak gogortu egin dira. Ondorioz, kalean bizi diren pertsona askok ez dute lekurik izaten gau hotzak aterpean igarotzeko.
Eta pertsona asko daude kalean lotan. Kalean, fabrika abandonatuetan, lonjetan... ez da erraza guztiak identifikatzea. Bi urtean behin egiten du udalak zenbaketa ofiziala, eta azkenekoan 107 pertsona kontatu zituzten, lonjetan sartu gabe. Bikoitza baino gehiago direla diote bazterkeria kasuekin lan egiten duten elkarteek. Caritas eta Berakah elkarteek, adibidez, 220 etxegabetik gora zenbatu dituzte haien behaketetan, eta ohartarazi dute ikusten direnak baino gehiago daudela.
Asko igo da kopurua azken urteetan. Udalaren aurreko zenbaketan 40 izatetik 107ra 2024an, eta gehiago igotzea espero da. Igoerarako ematen diren arrazoi nagusiak dira, batetik, etxebizitza merkatuaren egoera, atzerritarrek are larriago pairatzen dutena; eta bestetik migrazio fluxuen igoera eta datozenen profilen aldaketa.
Baliabideak gainezka
Kalean zenbatutako pertsona horietaz gain, pertsona ugari daude jada babes hartuta Gasteizko Udalaren gizarte zerbitzuetan. Etxegabeei teilatua eskaintzeko hainbat baliabide ditu udalak, Aterpe (Gaueko Harrera Zerbitzua), CMAS (Harrera Sozialerako Udal Zentroa), tutoretzapeko pisuak eta harrera pisuak daude hiritarren eskura. 85 plaza finko dituzte lehen bien artean soilik, eta beteak egon ohi dira.
Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak adierazi du Gasteizko zerbitzuak "bikainak" direla, eta egokiak dagoen eskaerari erantzuteko. Hala ere, Royerok berak aitortu du errealitateak "askogatik" gainditzen dituela dauden "baliabide publiko mugatuak". Gogorarazi du, baina, etengabe ari direla errealitatera egokitzeko lanean, eta lan ikusezin asko dagoela atzean.
Larrialdietarako pentsatutako zerbitzuak badira ere, denek dute itxaron zerrenda, genero indarkeria jasan duten emakumeentzako pisuek izan ezik. Azken urteetako kontua da zerrendena, Rocio Vitero EH Bilduko zinegotziaren esanetan. Udalean sartu aurretik hamar urte eman zituen berak Aterpen lanean erabiltzaileekin eta koordinazio lanetan HIESaren Kontrako Batzordeak kudeatutako aterpeetan. Berak azaldu du ez zuela inoiz inor kalean utzi behar izan, beti zegoelako plaza nahikoa.
Aldundiaren hutsunea
EAEko Gizarte Zerbitzuen 12/2008 legeak ezartzen du eskubide unibertsala dela zerbitzuetara sarbidea, eta biztanle guztiei bermatu behar zaiela. Gerora, 2015eko Prestazio eta Zerbitzuen Zorroaren Dekretuan zehaztu zen zein administraziorena den ardura bakoitza. Udal handiak direnean, 20.000 pertsonatik gorakoak, udalak egin behar du lehen harrera, eta bazterketa maila arin eta ertaineko kasuak ere haien esku daude.
"Sekulako hotza, gizarte langileak bidali zaitu hona, baina kanpora bota behar zaitut"
Eneko Beramendi, hezitzailea
Kasu larriak, eta herri txikietako guztiak, berriz, aldundiak kudeatu behar ditu. Baina hainbat eragilek eta alderdik salatu dute Foru Aldundiak ez dituela bere ardurak bete, ez dituela plaza horiek sortu. Gasteizko Udalak berak artatzen du aldundiaren eskuetan behar lukeen jendea. Hogeitik gora gaur egun, udalaren arabera, bazterketa egoera larrian daudenak. Aldundiak 360.000 euroko kanon bat ordaindu zion udalari 2020an, akordioa eginda berak hartu zezan ardura hori, baina ez du berriz ordaindu ordutik.
Royerok adierazi du etengabeko elkarrizketan dagoela aldundiko Gorka Urtaranen Gizarte Politiken sailarekin, eskumenak kudeatu eta elkarlanerako. Aldundiaren aurtengo aurrekontuetan ez dago diru sailik bazterkeria larriko kasuen zerbitzuetara bideratua. Aldundiaren plaza faltak ere eragiten du baliabideak gainezka egotea, oztopatua dagoelako kasu larrienen irteera.
Udalak diseinatutako ibilbidearen arabera, kaletik datorren pertsona bati Aterpen egingo litzaioke lehen harrera, gizarte zerbitzuekin kontaktuan jarri, eta egun gutxi batzuetarako lo egiteko aukera eman. Beharra izango balu, gerora CMAS zerbitzura joango litzateke egonaldi ertain baterako, ondoren pisuetara, eta handik, onbidean, autonomoki bizitzera pasako litzateke, eta kasu larria balitz, aldundiko baliabideetara. Baina izan etxebizitza bat alokatzea oso zaila delako, edo aldundiak ez duelako lekurik, udalaren esku geratzen da jendea.
"Pertsonen aparkalekua"
Plaza libreak beti egon beharko lirateke eskura, aipatutako dekretuan hala zehazten da, larrialdiko kasuetarako pentsatua baitago zerbitzua. Aterpek berez sarbide puntua izan beharko luke, exijentzia gutxiko babeslekua, edozeinentzakoa. Droga kontsumoak dituzten pertsonak onartzen dituzte, txakurrekin sartzea ere bai, eta hiru hilabeterako da gehienez. Baina ibilbidea trabatua dagoenez pertsona batzuek urteak daramatzate bertan. "Pertsonen aparkaleku" bihurtu dela dio Eneko Beramendi hezitzaileak, hogei urte daramatzanak Aterpen lanean.
Erabiltzaileen "gehiengoak etxebizitzarekin du arazo nagusia", Beramendiren hitzetan, eta jende gazte asko dutela dio, gaitasunak soberan dituena, baina egoteko lekurik ez. Pertsona hauek Aterpen daudenez, kale egoeran dauden pertsona asko kanpoan gelditzen dira, plaza gabe. Viterok dio lehen harrerako zerbitzuak beti egon beharko liratekeela zabalik eta libre, "behin eta berriz hasi ahal izan daitezen, berriro saiatu". Aterpe eta CMAS beteta egon dira azken bi urteetan, %95etik gora ia hilabetero. Aterpeko azpiegitura duina dela dio Beramendik, hobetzeko dirua jarri du udalak duela gutxi, eta gatazka maila asko jaitsi omen da.
Kalean edo lonjetan bizi diren gazte atzerritarretako asko zerbitzu sozialetatik ateratakoak direla adierazi du Beramendik, aldundiaren Bideberria zentrotik edo antzekoetatik. 18 urteak betetzean baliabideetatik kanpo gelditzen dira, paperak erregularizatu gabe gehienak, eta "aukera oso gutxirekin".
Pobrezia datu larriak daude Gasteizen. Lau umetik batek ez du elikadura egokia jasotzen, familia askok, beraz. Udalaren baliabideetan daudenez gain, urtarrilean ia 30 familia zeuden hoteletan bizitzen gizarte zerbitzuetatik bideratuta, udalak ez duelako haientzako baliabide propiorik. Bazterkeria egoeretarako eguneko zentroak ere gainezka daude. Estradan eguneko arreta zerbitzuan egunean 30 pertsona artatzetik 80 hartzera pasa dira, eta jantoki sozial publikoan itxaron zerrenda handiak daude, 200 plazako jantoki batetik 60ko batera pasa baita azken aldaketarekin. Berakah elizaren elkarteak ere 200 pertsonari ematen die jaten egunero.
Neguko babes berezia
Neguan Ate Irekien Jardunaldiak izenekoak antolatzen ditu Gasteizko Udalak. Egun gogorrenetan plaza gehigarri batzuk jartzen dituzte, inor ez dadin kalean gelditu. Azken urtean gainera hogei plazatik 40ra igo direla jakinarazi du Royero zinegotziak. Elkarrekin udal taldeak, baina, "onartezintzat" jo zuen kopurua, udalak eskainitako ohe kopuruaren bikoitza delako itxaron zerrenda. Azken urteetako kontua da ate irekiena, 2020an adostu baitzuten Udal Gobernuak aurreko sistema aldatzea, Neguko Baliabidea zeritzona. Lehen, negu osoan zehar, bost bat hilabetez egoten zen egunero zabalik zerbitzu gehigarria, edonork babes hartu ahal izateko bertan, baina Neguko Baliabidea kendu eta Ate Irekien Jardunaldiak ezarri zituen udalak.
Jardunaldiak aktibatzean sei ohe gehigarri jartzen dira Aterpen, hamar CMASen, eta hamalau oheko beste gune bat zabaltzen da Arkupeetan. Baina negu osoan zehar zabalik egon beharrean, garai latzenetan soilik zabaltzen dira, irizpide klimatologikoen arabera. Orain arte gehienez sei egunez egon dira zabalik jarraian.
Larrialdietako zerbitzuak badira ere, ia denek dute itxaron zerrenda, legearen aurka
Ate irekiak deitzen dira, baina egun ezin da edonor sartu. Gizarte langileak bideratuta doazen pertsonekin bete egiten dira plazak, eta ezin izaten dute zerrendatik kanpokorik onartu. Gainera, aurtengo negutik oheak partekatzera behartzen dituzte pertsonak. Sei egun irauten baditu Ate Irekien Jardunaldiak, adibidez, hiru egunez ematen diote lekua bati, eta gero bota egiten dute beste pertsona bati lekua uzteko beste hiru egunetan. Orduan, Jardunaldietan Aterpetik sei pertsona artatu beharrean, hamabi artatzen dituzte. Eta Arkupeetako guneko langileak bakarrik kontratatu behar dituzte, Aterpen eta CMASen langile berberek artatzen baitituzte berriak.
Beramendik nabarmendu du zein gogorra den neurria bertako langileentzako ere. Erabiltzaileei esan beharra "sekulako hotza egiten duelako zabaldu dira jardunaldiak, udalak eta gizarte langileak aitortu dizute zerbitzu hau behar duzula, hona bidali zaituzte, eta hala ere kanpora bota behar zaitut, ohea beste norbaiti uzteko". Erabiltzaileen pertzepzioan ere eragina du, "oso ezberdina" baita jakitea beti duzula horra joateko aukera, edo noizbehinka soilik, eta oso baldintzatua. Beramendiren ustez, Neguko Baliabidearen antzeko zerbitzu batera itzuli beharko litzateke, "data arbitrariorik eta ohe partekaturik gabe".
Pobrezia aberastasuna sortzen
Neguko Baliabidea kendu zen urte berean, enpresa pribatuei eman zitzaien zerbitzu ugariren kudeaketa, lehen elkarteek zeramatena, HIESaren kontrakoak, esaterako. Negozioa egitea leporatu die Viterok "pobreziatik bizi diren enpresa" hauei, eta ohartarazi du geroz eta gehiago bilakatzen ari dela gizarte zerbitzuen sektorea etekin pribatuetarako aukera. CMAS ez beste zerbitzu guztietako langileak azpikontratatuta daude egun, Eulen, Mapfre edo Grupo 5 bezalakoen esku.
Royerok epe luzeko begirada eskatu du, eta arazoaren erroan eragin beharra dagoela gogorarazi. Analisian kontsentsua dagoenez, espero du kontsentsua egotea eskaerari erantzuteko moduko aurrekontuak erabakitzean ere. Oraingoz, PSE eta EAJren Udal Gobernuak akordioa egin du EH Bildurekin, 700.000 euro bideratzeko larrialdietarako zerbitzu berri bat sortzeko, baina negoziaketetan ari dira oraindik.
Gizarte zerbitzuen eredua bera ezbaian dagoela dio Beramendik, egungoa "oztopo lasterketa" dela, zerbitzu batetik bestera, eta ez duela autonomia sustatzen. Hainbat herrialdetan Housing first (Lehenik etxebizitza) filosofia garatu dute, lehenengo etxea ematea, ulertuta pertsona hauetako askok etxea eta egonkortasuna behar dituztela aurrera atera ahal izateko. Ez da aurrebaldintza gisa jartzen beren bizitzako arazoak konpondu izana, gero etxea lortzeko. Eusko Jaurlaritzaren Bizitegi Bazterkeriaren aurkako estrategia berrian ere jasoa dago etxebizitzara sarbidea ematea "beharrezko baldintza" dela, inklusioranzko prozesuan "lehen pausoa".
Baina zenbat eta gehiago eman, gehiago eskatzen da, hala diote hainbat kritikok. "Dei efektua" delakoa gerta daitekeela esaten dute, eta beste lekuetako behartsuak gurera erakarri. Udalerri guztien arteko "ekintza bateratua" eskatu du Viterok, egiturazko arazoari heltzeko.
Kontrakoa zer litzateke, gizarte zerbitzu txarrak nahita ematea, kanpokoak ez etortzeko, eta bertakoak joan daitezen?