Euskarari dagokionez, herritarren kezka nagusietako bat izaten jarraitzen du osasungitzari lotutako zerbitzuetan euskaraz jardun ahal izateak. Hala jaso zuen Hizkuntza Eskubideen Behatokiak iaz aurkeztutako txosten orokorrak, eta, besteak beste, Izarra edota Gasteizko Zabalgana auzoko anbulatorioetan izandako kexak bideratu zituen. Hizkuntza irizpideak betearaziko dituen neurririk gabe, han eta hemen errepikatzen dira salaketak. Salburua auzoko herritarrek plazaratu dute azkena.
Osasun zentroan familia mediku euskaldunik ez dagoela salatu dute Salburuko auzokideek, Sarburu kultur elkartea eta Salburua-Burdinbide auzokide elkartearen bitartez. Azken asteetan tantaz tanta jaso dituzten kexak bildu, eta eskaera bateratua egin dute euskarazko arreta berma dadin eskatzeko. "Gugana jo zuten bizilagun batzuek iraila amaieran, aurretik genuen mediku euskaldunak zentroa utzi ondoren, orain mediku euskaldunik ez zegoela eta", gogoratu du Iñaki Iratzoki Sarburu elkarteko kideak. Bizilagun gehiagoren kexak heldu ziren ostean, eta erantzun bateratua ematea erabaki zuten. "Norberak bere bizkarrean hartu beharreko arazoa baizik, auzo mailako arazo bat dela uste dugu, eta horrela erantzun diogu".
"Arreta euskaraz nahi dugu, besteek jasotzen duten maila berean"
Iñaki Iratzoki, Sarburu elkartea
Egoera horren aurrean, osasun zentroan erreklamazio bat jartzeko esan zieten familiei, eta hala egin dute batzuek. "Kontzientzia handia duen jendeak egiten du, baina beste askok ez. Ez da berehalakoan egiten den zerbait, eta uste dugu denon artean errazagoa dela", nabarmendu du Nere Larrazabal Sarburuko kideak. Sinadura bilketa bat egin zuten, eta 130 bat jaso zituzten hamabost egunean, auzo mailako kexa bateratua jartzearekin batera. "Oraindik ez diote erantzunik eman taldeko kexa horri; norbanako batzuek jaso dute, iradokizuganatik eskerrak eman eta hobetzen jarraituko dutela esanez".
Atzetik, eskean
Jasotako hitzok, ordea, ez dira nahikoa elkartekideen ustez, eta beharrezko neurriak eskatu dituzte. "Badakigu Osakidetzan arazo asko daudela, mediku falta eta itxaron zerrenda luzeak tartean, baina uste dugu planifikazio falta dela arazoa. Zerbait egin behar dute kasu honetan; euskal hiztun asko dagoen auzo batean gainera. Familia mediku euskaldunik ez egotea utzikeria da administrazioaren partetik".
Elkarteetatik gogoratu dute, datuak eskuan, 20.000 biztanle baino gehiago dituela Salburua auzoak, 8.000 inguru direla euskaldunak, eta beste 5.000 baino gehiagok euskara ulertzen dutela. "Gero eta gehiago gara egunero-egunero euskaraz bizitzeko hautua egiten dugunak, eta kasu honetan administrazioak, Osakidetzak hain zuzen ere, arreta euskaraz jasotzeko eskubidea ukatzen digu", esan dute herritarren artean zabaldu duten oharrean, eta auzoko osasun zentroan hizkuntza lehentasunak errespetatzea galdegin dute sinatzaileek. "Zergatik galdetzen zaigu zer hizkuntzatan artatuak izan nahi dugun, gero ez bada eskaera betetzen? Eskaria egon badago, hori badakite, eta ez zaio erantzuten", azpimarratu du Iratzokik.
Jarritako kexari erantzunik ematen dioten zain geratuko dira auzokideak, azaldu dutenez, eta ostean aztertuko dute bestelako ekimenik antolatu behar ote duten. Gainerakoan, osasun zentroan orain arte arazorik ez dutela izan esan dute, telefono arreta ere euskaraz jasotzen baitute, baina beti hori zaintzeko "gainean" ibili behar izan dutela gogoratu dute. "Beti egon da euskaraz dakien norbait osasun zentroan, baina horretarako beti atzetik ibili behar izaten dugu. Ez digute eskaini euskaraz dakien pediatrarik hasieratik", gogoratu du Larrazabalek. "Arreta euskaraz jaso nahi dugu, besteek jasotzen duten maila berean; ez dugu atzetik eskean ibili nahi, sinadurak biltzen... ", nabarmendu du Iratzokik.