Zaloa Urain

"Hasierako gogo, emozio eta grinak berberak dira"

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 4a

Zaloa Urain, Kokein taldeko abeslaria. Argazkia: EIDER ITURRIAGA

Duela 25 urte batu zen lehendabiziko aldiz Kokein talde eibartarra, eta, hori ospatzeko egiten ari diren biraren barruan, Gasteizen kontzertu berezia antolatu dute, azaroaren 8an; Izaskun Arrue Kulturgunean izango dira, azkeneko lanean parte hartu duten kolaboratzaileek lagunduta.

Oholtza gaineko animalia da Zaloa Urain (Eibar, 1976), eta Kokein taldearekin bete dituen 25 urteak ospatzeko modurik onena ere zuzenekoetan aurkitu du. Hasieran izan zuen sentsazioaren antzera, gaur egun ere kantatzeak "erabat asetzen" duela dio, eta, are gehiago, urteotan bidelagun izan dituzten musikarien alboan bada. Bidea da helmuga azkeneko diskoan Zea Mays, Eraso, Miren Narbaiza, Joseba Baleztena, Ander Mujika, Mursego —Maite Arroitajauregi— eta Nakar izan dira bertsioak egin dituzten musikari eta taldeak, eta horiekin batera kontzertu berezia eskainiko dute Gasteizen, azaroaren 8an.

Behar bezala ospatzen ari zarete taldearen 25. urtebetetzea? 

Bai, egia esan, bai. Oso gustuko dugu kontzertuak jotzea, eszenatokira igotzea, eta edozein bira beti opari baten modukoa izan da guretzat. Oraingo honetan, egia da, kontzertu bereziagoak izaten ari dira, eta bereziki gozatzen ari gara. Askotan ez zara konturatzen egindakoaz, eta uste dut kontzienteago garela orain, 25 urte daramatzagula, eta benetan polita dela oraindik oholtzara igotzen garenean daukagun gogoa.

Etena egin eta atzera begiratzeko tarterik izan duzue?

Egia da gu ez garela atzera begiratzen egotekoak. Noski, bizi izan dugun guztiak momentu honetara ekarri gaitu, eta bere garrantzia eta pisua dauka, baina momentua bizi eta aurrera jotzekoak gara gehiago. Justu orain, egia da, 25 urte hauek direla eta, gogoeta batzuk egin ditugula. Eta, egia esango dizut, talde moduan lehen eta orain daukagun sentsazioa antzekoa sumatzen dugulakoan nago. Noski, gu eta gure bizitzak asko aldatu dira, baina talde modura sentsazio antzekoa da. Urteek harremana sendotu dute, elkar ezagutzen dugu inork baino hobeto, baina gure gogo, emozio eta grinak berdin jarraitzen dute. Eta hori oso polita da, eta bada arrazoietako bat 25 urte eta gero elkarrekin jotzen jarraitzeko.

"Diskoa osorik joko dugu Gasteizko oholtzan; erronka handia da"

'Bidea da helmuga' aipatzen duzue azkeneko lanean, baina nolakoa izan da bide hori?

Guk musika maite dugu, baina ez gara honetaz bizi, eta horrek nolabait baldintzatu egiten du guztia. Hau da, zure bizitza hau bada, edo ekonomikoki behar duzun diru bat hemendik atera behar baduzu, oso desberdina da egoera. Horrek ez du esan nahi guk hau ez dugunik hartu serioski eta aurrera egin ez dugunik, baina beste gauza batzuk ere izan ditugu. Gure kasuan diskoak egin ditugu buruak edo gorputzak eskatu digunean, zerbait esateko beharra izan dugunean, ez dugu inolako presiorik eduki beste bira bat egin behar genuelako edo momentu jakin batean jarraitu behar genuelako. Geure buruari ipini dizkiogun presioak bakarrik izan ditugu, eta beharbada azkeneko disko hau izan da presio handienekoa; denbora gutxiago pasa da azken diskotik, eta bereziki nahi genuen 25 urte hauen ospakizun moduko bat egiteko diskoa. Baina bestela lasai hartu ditugu gauzak; entseatzen joan gara, eta ikusi dugunean materiala geneukala, eta zerbait esateko gogoa, orduan ekin diogu diskoa grabatzeari. Beraz, bidea polita izan da. Noski, gorabeherak egon dira taldean, baina orokorrean oso bizipen polita izan da, kristoren abentura politak izan ditugu, jende pila bat ezagutu dugu bidean, leku pila bat, eta oso aberatsa izan da. Nire buruari begira, uste dut Kokeinekin 25 urteotan bizitako gauzek izugarri aberastu nautela, eta orain ni naizen pertsona egin nautela.

Hasiera hartan ez zinen kontziente izango bide bat irekitzen ari zinenik? Euskal rockean emakumea...

Ez, ez. Orduan ere kontziente izango ginen denok emakume gutxi zegoela, erreferente gutxiago genituelako, baina momentu hartan pertsonalki nik neukan gogo eta behar bat zen, ez zegoen intentziorik ezer erreibindikatzeko. Gero horrela izan da, bertatik bertara ikusten duzulako eta zure burua ikusten duzulako horretan, eta harro horretaz, noski baietz. Baina, egia esan, pertsonalki musikak ematen didan zerbaiten inguruan aritzeko gogoa zen gehienbat. Noski, emakumea izateak ere baldintzatu du momentu askotan, eta gure bidea zentzu askotan, baina ez nintzen oso kontziente, hori egia da.

Gogoratzen duzu Kokeinekin izan zenuen lehendabiziko zuzenekoa? Eta azkena?

Eibarren izan zen, lagun batzuek zeukaten taberna batean. Hiru talde elkartu genituen, eta ni talde guztietan nengoen [barrez]. Konektatu genuen, eta halaxe sortzen hasi zen Kokein, beste musikari batzuk tartean. Azkeneko kontzertua Bilbon izan zen, Uribarriko jaietan. Eta urteek ematen dizuten segurtasun puntu horrek oso ezberdin egiten du dena, sentsazioak oso desberdinak dira. Beti ditugu gure inseguritateak, gure beldurrak, baina oholtza gainean pasatako momentu horiek guztiek ere ematen dizute nolabaiteko segurtasuna eta jakintza bat. Berdin sentitzen dut abesten dudan momentuan orduan sentitzen nuena, hori ez da aldatu. Eta ez dakit ondo nola azaldu, baina abestera noanean sentsazio bera izaten dut, izugarri betetzen nauena, asetzen nauena.

Musika panorama hartan, bakardade sentsaziorik bazenuen?

Egia esan, ez. Asko mugitu izan gara gu beti kontzertuetara, eta oso musikazaleak izan gara; kontzertua ez bageneukan kontzertua ikustera joaten ginen. Giro horretan ni oso barneratua sentitu naiz. Noski, emakume askoz ere gutxiago zeuden, eta askotan bakarra nintzen kontzertuetan, baina nire sentsazioa ez zen bakardadearena. Nire sentsazioa zen lagunekin nindoala kontzertuak jo eta ikustera. Uste dut bidean izan naizela kontzienteago, emakume bezala, horrek zeukan garrantziaz. Momentu hartan ez.

'Bidea da helmuga' biraren barruan, Gasteizen kontzertua eskaini zuten abuztuaren 8an. Argazkia: E. ITURRIAGA

Duela urtebete hamaika emakume elkartu zineten Zea Maysekin 'Elektrizitatea' grabatzeko, eta sekulakoa da argazki horrek erakusten duen aldaketa.

Bai. Eta, egia esan, oso polita izan zen. Aiorarekin hitz egin nuen justu gure 25 urteak ospatu behar genituelako, eta kasualitatez 'Elektrizitatea' kantaren urteurrena ere betetzen zen, oso gustuko dudan abesti bat. Bat-batean magia moduko gauza batzuk sortzen dira, eta gainera lagunekin, oso berezia izan zen. Hor sortzen den akelarre hori, emakumeen ejerzito baten motako indar erakustaldi hori... Uste dut denoi iruditu zitzaigula halako indar eta energia bat sortzen zela gure inguruan, elkarrekin. Eta orduan konturatzen naiz atzera begiratzen dudanean nolabait gure lanak edo gure bideak hori guztia ere ekarri duela; askotan esaten digute erreferenteak garela moduren batean, nahiz eta pixkat beldurra ematen didan hori entzuten dudanean, baina hori ere oso polita da. Eta ikustea gero eta emakume gehiago gaudela, nahiz eta oraindik gauza ugari egiteko dauden.

"Uste dut bidean izan naizela kontzienteago emakume bezala egindakoak zuen garrantziaz"

Emakumeak ikusarazteko lan hori faltan botatzen duzu esparru zehatzen batean?

Orokorrean, leku guztietan beti. Badakit bide handia egin dugula eta gauza asko lortu dugula bidean, baina jarraitzen dugu oraindik ere gure espazioa aldarrikatzen. Gauden emakume guztientzako, oso gutxi plazaratzen da, eta ez bakarrik oholtza gainean musikari bezala, baizik eta produkzio lanetan, teknikari lanetan, eszenatokiko lanean... hor emakumeon presentzia murritza da, eta askoz ere gehiago gaude. Borrokatzen jarraitu behar dugu presentzia hori bermatzeko. Kontzertu askotara joaten naiz, eta emakume askorik ez dago inon, behean ere ez, eta gogorra egiten zait... Hor egon behar dugu eta presentzia hori gehitu egin behar dugu, atzetik datozenek ere erreferente gehiago izan ditzaten, eta beraiek ere hor egoteko aukera dutela ikus dezaten. Bide dexente egin dugu, baina uste dut badagoela oraindik lana egiteko.

Urteokin, Kokeinen publikoa nola aldatu da?

Uste dut gero eta emakume gehiago dagoela ere. Jende gaztea ere ikusten dugu eta hori pila bat gustatzen zaigu. Baina pentsatu nahi dut ere gurekin batera jendeak urte batzuk pasatu dituela eta gu bezala moldatu egin dela gurekin. Egia esan, jasotzen dugun feedbacka oso polita da, jendeak normalean goxotasuna eskaintzen dizu, erantzun egiten du, eta bere esperientzia kontatzen dizu zure musikarekin. Hori izugarri polita da. Igartzen duzu, niri gertatzen zaidan bezala beste musika taldeekin, nolabait zure bizitzaren parte bihurtzen direla. Norbaitek kontatzen dizunean bereziki abesti batek edo disko batek lagundu diola edo indarra eman diola oilo ipurdia jartzen zait, izugarria da.

Makrojaialdi eta kontzertu handien garaian, nola begiratzen diozue horri?

Ni ez naiz makrojaialdi zalea. Gu ez gara talde handi bat. Kontzertu txikiak niretzako askoz ere aberatsagoak dira, gertutasun gehiago daukazu jendearekin, beste nolabaiteko tratua daukazu. Noski, denetik egon behar da, baina uste dut gurea bezalako taldeek hor galdu egiten dugula. Eta ikusle modura ere kontzertu txikiagoak gustatzen zaizkit. Handiak iruditzen zait nolabaiteko entretenimendu exageratu bat direla, eta hor sortzen den dirutzaren inguruan ere baditut nire ez-aldeko ikuspuntu ugari... Inoiz komentatu dut lagunekin ere, pandemia osteko garaitxo bat egon zen kontzertu txikiek berriro xarma eta garrantzia hartu zutena. Kontzertu txikiei beraien emanaldiak egiteko lekua eskaini zitzaien, eta nik benetan izugarri gozatu nituen haiek. Kontzertu txiki horiek beste mimo batekin  muntatzen dituztela uste dut, beste mimo batekin egiten dira, beste mimo batekin joaten da jendea ikustera, eta aukerak ere askoz ere anitzagoak dira, makrokontzertuekin alderatuta. Kristoren dibertsitatea dago musikan, eta aukera egon behar da plazaratzeko.

Azaroaren 8an IAKn eskainiko dute kontzertua. Argazkia: EIDER ITURRIAGA

Bada ekosistema egokia musika proiektu berriak garatzeko? Eibarren, adibidez?

Entsegu lokalen arazorik ez dago, esate baterako. Guk urteak daramatzagu lokal berdinean, mugimendu handia dago hor eta talde pila bat gaude. Aberatsa da hori. Nire ustez, arazoa ondoren dator, jotzeko aukera askorik ez dagoelako. Leku txikietan askotan oztopo pila bat dituzte kontzertu bat antolatzeko, eta makrokontzertuetan sartzeko talde askok ez dute aukerarik. Gabezia hor dago. Disko bat daukazu, jendearekin partekatu eta zuzenean jo nahi duzu, baina askotan ez da erraza kontzertuak topatzea. Zure lana sare sozialetan eta plataforma desberdinetan ipintzeko arazorik ez dago, aukera dago jendearengana heltzeko, nahiz eta hor ere badaukadan nire dilematxoa, azkenean plataforma desberdinetan musikarion lana ez delako batere baloratzen eta jendeak pentsatzen duelako dena doan dela, zuk jarri duzun esfortzua eta dirua kontuan hartu gabe... Tira, egia da jendeak erraz entzun zaitzakeela horien bitartez, baina zuzenean ikusteko ez dago hainbeste aukera. Uste dut azpiegituraren bat gehiago ongi legokeela hauek antolatu ahal izateko. Eibarren, zehazki, ez dago, eta gainera gero eta taberna gutxiago daude kontzertuak egiten dituztenak.

Gasteizko kontzertuan azken diskoko kolaboratzaile guztiak izango dituzue. Erronka handia da hori?

Diskoa grabatu genuenean, gogoa genuen halako zerbait egiteko, lagunak elkartzeko, baina oso zaila iruditzen zitzaigun lagun horiek ere martxan dauden taldeetan daudelako, eta denekin egun bat finkatzea... Lehendabiziko erronka hori izan zen. Ikusi genuenean posible zela, ba izugarri hunkituta, bagoaz aurrera! Guretzat oso egun berezia izango da, batez ere lagunen artean gaudelako, eta gainera lagun horiek izugarri miresten ditugun musikariak direlako, 25 urte hauetan gurekin batera ibilbidea egin dutelako.Urteak ospatzeko uste dut ez dagoela modu hoberik. Bakoitzak bere bertsioa joko du, diskoa osorik oholtza gainean egitea da asmoa, eta gero sorpresaren bat edo beste ere izango da. Erronka handia da, eta gogotsu gaude.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago