Gehienez 200 pertsona hartuko ditu Araneko errefuxiatuen zentroak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 31

Araneko zentroa berritzeko obrak ari dira egiten. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Maider Etxebarriak iragarri du Espainiako Gobernuak onartu egin duela udalak zentroaren tamaina txikitzeko egindako proposamena.

Hasieran aurreikusitako 350 pertsona beharrean 200 hartuko ditu Arana klinika zaharraren tokian egokitzen ari diren Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroak. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak halaxe iragarri du gaur.

Alkateak adierazi duenez, "urrats oso garrantzitsua da, elkarrizketa eta lankidetza instituzionalaren emaitza. Horri esker, baliabide hori gure hiriaren errealitatera eta beharretara egokitu ahal izango dugu, eta, aldi berean, errefuxiatuen integrazio hobea bermatu".

Espainiako Gobernuaren Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak udalarekin adostutako aldaketak zentroa pixkanaka irekitzea aurreikusten du. Zentroak, azkenean, gehienez 200 plaza izango ditu, eta familien harrera lehenesten saiatuko dira, haurrei arreta berezia eskainiz. Gainera, auzoetako herritarrek zenbait gela modu partekatuan erabili ahal izango dituzte zentroan dauden lagunekin.

Etxebarria pozik agertu da ministerioak emandako erantzuna dela eta. Horrez gain, ministerioaren "prestutasun eta konpromisoagatik" eskerrak eman ditu. Bestalde, nabarmendu du proiektuaren helburua dela "bizitokia, arreta, laguntza eta duintasuna eskaintzea asilo eske edo errefuxiatuta datozen eta, horrenbestez, zaurgarriak diren pertsona eta familiei beren bizitzak berreraikitzen laguntzeko".

EH Bilduren kritika

Iragarpenaren harira, Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak esan du koalizioak Aranaren proiektuaren inguruan orain arte adierazitako jarrera kritikoa mantentzen duela, baina dei egin du gaia "konfrontaziotik" ateratzeko. "Gaia inoiz atera behar ez zen espaziora eramatearen alde egiten dugu, elkarrizketara, akordiora eta adostasunera".

Betalde, Viterok Maider Etxebarria alkateari leporatu dio adostasunerako guneak "lehertzen" tematzea. Izan ere, EH Bilduko bozeramailearen esanetan, gaurko iragarpenarekin Etxebarriak erakutsi du ez duela ulertu ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek transakzionatutako zuzenketaren edukia. "Kontua ez da berak ministerioarekin Madrilen adosten duena, baizik eta elkarrizketa instituzional eta sozial bat irekitzea, Migraziorako Euskal Itun Sozialean eta harrerarako euskal ereduan txertatuko den proiektu bat adosteko gai izango dena", azpimarratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago