Arana errefuxiatu zentroaren inguruan gaur Eusko Legebiltzarrean azaltzekoa zen babesa ez da gauzatu azkenean, gaiaren bueltan PPk aurkeztu behar zuen mozio bat erretiratu eta gero. Halere, mozio horri erdibideko zuzenketa adostua zuten ezkerreko hiru alderdiak batera agertu dira gaur hedabideen aurrean.
Hala, EH Bildu, PSE-EE eta Sumar alderdiek gai honen bueltan "Legebiltzarrean den gehiengo progresista ikusarazi" nahi izan dute gaur. Amancay Villalba (EH Bildu), Patricia Campelo (PSE-EE) eta Jon Hernandez (Sumar) legebiltzarkideek PPren "azpijoko parlamentarioa" kritikatu dute.
Talde horien arabera, mozioa kenduta popularrek ekidin nahi izan dute Legebiltzarrak zentroaren gaineko "jarrera eraikitzailea" adierazteko aukera edukitzea. Diotenez, zentroaren kontra dauden diskurtsoek "kohesio soziala arriskuan jartzen duten jarrerak elikatzen" dituzte, eta diskurtso horiek "interes alderdikoien" araberakoak dira. Giza eskubideen alde egiteaz gain, irakurritako mozioan, Espainiako Gobernuari eskatu diote "elkarrizketa eraikitzaile" izan dezala Jaurlaritzarekin, aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin Arana zentroaren inguruko adostasuna lortu aldera.
Hortaz, Laura Garrido PPko legebiltzarkideak erregistratutako mozioa atzo arratsaldean kenduta, gaia ez dute jorratu, ezta horren gaineko bozketarik egin ere. VOXek bere kabuz aurkeztutako beste bat bere horretan geratu da. Garridoren arabera, Legebiltzarraren gehiengoak erakutsi behar zuen jarrera ez dator bat Gasteizko eta Arabako "herritar gehienen iritziarekin". Parlamentari popularrak esan du zentroa azkenean ez dela egingo, Alberto Nuñez Feijo "Moncloara iristean" PPk egitasmoa bertan behera utziko duela argudiatuta.
Joseba Diez Antxustegi bozeramale jeltzaleak, berriz, esan du EAJk bere kabuz aurkeztu behar zuela mozio propioa, proiektuaren aurka daudelako, eta "hasieratik koherentzia" mantendu dutela zentro txikiagoen aldeko jarrera batekin.