Zertarako balio du arrazakeriak?

Jon Hidalgo 2025eko azaroaren 1a

Eva Forest Liburutopian elkartu da hedabideekin Said Bouamama soziologo frantses-aljeriarra. Argazkia. J. HIDALGO/ ALEA

Gizakiok berezkoa dugu arrazakeria, edo desoreka ekonomikoek sortzen dute? Migratzaileak integratu egin behar dira? Saïd Bouamamak galdera hauek eta askoz gehiago aletu ditu bere ibilbidean.

Araban izan da egunotan Saïd Bouamama soziologo frantses-aljeriarra, Euskal Herritik egin berri duen biran. Gasteizko hitzaldia bertan behera gelditu bada ere, komunikabideekin hitz egiteko tartea hartu du. Arrazakeriaz, kolonialismoaz, integrazioaren iruzurraz eta egitura ekonomikoen garrantziaz aritu da, Eva Forest Liburutopian.

Bouamamak ikuspegi materialistatik heltzen dio errealitateari. Oinarri sozioekonomikoak kontuan hartuta aztertu izan du arrazakeria sortu zen momentua, eta zertarako erabili izan den, bete izan duen funtzioa. Uko egiten dio ikuspegi kulturalista edo idealista batetik aztertzeari. Soziologoaren hitzetan, idealista askok arrazakeria auzi ahistoriko gisa hartzen dute, beti existitu izan dena, gizakien berezko ezaugarria balitz bezala. Kritika gogorra egiten dio ikuspegi horri, esanez desarmatu egiten gaituela, hala balitz ez legokeelako ezer egiterik arrazakeria deuseztatzeko.

Des classes dangereuses à l'ennemi intérieur: Capitalisme, immigrations, racisme (Klase arriskutsuetatik barne etsaira: Kapitalismoa, immigrazioak, arrazakeria, 2021) liburuan azaltzen du arrazakeria ez dela betiko kontua. Frantzian 1851. urtean sartu zen "atzerritar" kategoria erroldan, "nazionalitate" kategoria sortzearekin batera, eta ordura arte atzerritar izateak ez zuen pisu berezirik, ez politikoki, ez juridikoki ere.

Arrazakeria ideia berria dela dio, langileak banatzeko funtzioa duena

Dioenez, lehenagotik bazeuden xenofobia, ezezagunari beldurra, edota etnozentrismoa, nork bere taldea lehenestea, "baina arrazakeria ezberdina da", argudiatu du Bouamamak. Gizakien arteko ezberdintasuna teorizatzeari deitzen dio arrazakeria, eta hiru ustetan oinarritzen dela dio: arrazak existitzen direla, haien artean desberdinak direla, eta "goi-mailako arrazek" zilegitasuna dutela besteak zapaltzeko.

Bouamamak dio kolonizazio garaietan teorizatu zela lehenik arrazakeria. Espainiar eta portugaldarrek, esaterako, Amerikako konkista eta sarraski garaietan, eta baita lehenago ere, Espainiako Errekonkistan kasu, "besteak" botatzeko edo zapaltzeko justifikazio gisa. Kapitalismoarekin jaiotzen dela dio, eta zapalkuntzaren justifikazio hori duela funtzio nagusia. Aldiz, dioenez, ikuspegi kulturalistatik hartuta arrazakeriak ez du funtziorik, gertatzen den gauza bat da soilik.

Euskarriak kendu beharra

Arrazakeria modu idealistan hartzen dutenentzat, Bouamamaren ustez, konponbide bakarra hezkuntza da. Mentalitatea aldatzea, jendearen pentsaera arrazistak moldatzea. Ikuspegi materialistak, berriz, esaten du gizarte berdinzale batek eragiten duela ideiak aldatzea, eta ez alderantziz. Genero parekidetasunarekin paralelismoa egiten du soziologoak, "egitura ez bada aldatzen, oinarri materiala ez bada aldatzen, ideiak ez dira nahikoa aldatuko".

Interesgarria da horretan iraganeko kolonien independentzia prozesuak aztertzea, independentzia horiek ez baitute ekarri arrazakeria amaitzea, ezta kolonizazioaren amaiera ere, moldatu besterik ez dira egin. "Kolonizazioa ez da soilik leku bat militarki okupatzea, menpekotasun ekonomikoa da, bereziki, herrialde hauek espoliatuak izateko antolatuta daude. Independentzia garaietan aurpegia aldatu behar izan zuten, baina menpekotasun ekonomikoa mantentzeko".

"Berdintasunak sortzen du integrazioa, ez alderantziz"

Horregatik dio inperialismoko botere harremanek indarrean dirauten bitartean existituko dela arrazakeria, sostengatzen duen oinarri materiala bertan dagoen bitartean. Europan ere, gaur egun, migratzaileak posizio ekonomiko baxuagoetan egon ohi dira, eta hor ikusten du Bouamamak funtzio nagusietako bat, langile klasearen estratifikaziorako tresna dela arrazakeria. "Langile pobreak kanpokoari begiratzeko, gutxiago balitz bezala, lehiakide bezala". Langile guztien soldatak baxu mantentzea izan daiteke funtzioetako bat, soziologoaren hitzetan, baina gehienbat kontrol sozialerako balio duela argudiatzen du berak, klase banaketa sortzeko eta langileen arteko antolakuntza oztopatzeko.

Komunitate zientifikoan adostasun handiz esaten denari jarraiki, Bouamamak gogorarazi du arrazak ez direla existitzen. "Arrazakeriak sortzen ditu arrazak, ez alderantziz". Argudiatu duenez, kapitalismoak pertsonen arteko desberdintasunak bazterketarako arrazoi bihurtzen ditu.

Kolonialismo frantsesaren funtzionamendua ulertzeko kapitalismoa ulertu behar dela dio. "Hazten, zabaltzen soilik funtzionatu dezakeen lehen ekoizpen modua", hala deskribatzen du kapitalismoa. Horregatik kolonizatzen duela gertu daukan guztia, eta deuseztatu egiten dituela inguruko joera kultural eta komunitarioak. Etengabe behar du lehengai gehiago eta eskulan gehiago. "Landa guneko exodoak, esklabutzak eta kolonizazioak hemen dute kausa komuna", Bouamamaren hitzetan.

Egun Frantziako Estatua deitzen duguna ere logika horren baitan osatu zela azaldu du Bouamamak. Frantziako Iraultza eman zenean, XVIII. mende amaieran, Frantziako biztanleen %10ek soilik hitz egiten zuten frantsesez, eta homogeneizazio prozesu izugarria eman da mende gutxian, nazio frantsesa sortzeko. Lehenik barne mailako exodoak egon ziren, bretoiena esaterako, eta bitxia da nola gaur egun atzerritarren aurka erabiltzen diren diskurtso berdinak erabili ziren garai hartan ere, bretoien aurka eta Frantziako beste nazioen aurka.

"Nazio frantsesa sortzeko erabilitako eredu bera erabili zuten kolonietan". Batasun politikoa eta batasun kulturala batera ulertu izan dituztela salatu du Bouamamak, eta horrek jarri dituela gerran beste nazio eta herrialdeen aurka.

Integrazioa eta ghettoak

Integrazioaren ideia gaitzetsi du hainbatetan soziologoak, esanez integrazioan pentsatzeak ez duela ahalbidetzen berdintasunean pentsatzea. Dioenez, integrazioaren ikuspegitik uste da "besteek" bide bat daukatela egiteko, oraindik egin ez dutena, integratu daitezen. "Pertsonak eraldatzeko politika da integrazioa". Argudiatu du migratzaileen arazoa ez dela integrazio falta, berdintasun falta baizik. "Berdintasunez tratatzean ez da integraziorik behar, berdintasunik ez dagoenean integratu behar duzu, aldatu. Berdintasunak sortzen du integrazioa, ez alderantziz".

"Komunitarista" izatea leporatzen zaie migratzaileei, ghettoetan bizitzea alegia. Oso zaharra omen da argudio hori, berdina esaten zitzaiela bretoiei beren garaian, edota Frantziara emigratutako espainiarrei: ez zirela integratzen, haien artean soilik bizi zirela. Ghetto horiek kausa edo ondorio diren zalantzan jarri du Bouamamak. "Berdintasun faltak sortzen ditu ghettoak, ez alderantziz".

Iruñeko Plaza de Mayo aretoan hitzaldia eman du Bouamamak. Argazkia: KOADRO ESKOLA

"Mohamed eta Mamadouk etxea lortu dezakete soilik Mohamed eta Mamadou gehiago bizi diren lekuetan". Migratzaileek ez dute beren komunitatean isolatuta bizitzeko asmo berezirik, Bouamamaren hitzetan. Ikerketa ugarik erakutsi dute askoren ametsa haien auzoa uztea dela, "ez arabiar gutxigo dagoelako beste auzoetan, auzo hobeak direlako baizik". Baina, salatu duenez, etxebizitza sozialen esleipenak eta merkatuaren logikak betikotu egiten dituzte banaketa horiek.

Ideiek errealitatea sortzen duten, edo errealitateak sortzen dituen ideiak, gatazka horretan dihardu buru-belarri Bouamamak. Idealistek esaten omen dute arrazakeria beti dela nahita egindako zerbait, materialistek berriz, ezetz, egiturazkoa dela, eta nahita zein nahi gabe berdin duela eragina. "Frantzia ez da Estatu arrazista, berez, ez ditu ofizialki bereizten arrazak eta eskubideak, Sudafrikan lehen edo Israelen orain egiten den bezala. Baina, ofizialki alderik ez badago ere, materialki alde handia dago".

"Lanpostu batzuetarako beti etorkinak behar izateak, edo haiei erregularizatzeko zailtasunak jartzeak, horrek sortzen du arrazakeria". Intentzio onak izanda ere, Bouamamak ohartarazi du hitzek eta asmoek eragiteko gaitasun gutxi dutela. Arrazakeriarekin amaitu eta gauzak benetan aldatzeko, "berdintasun falta sortzen duen oinarri materiala aldatu behar da"

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago