Iker Foronda

"Kirol tituluekin baino, egindako lagunekin geratzen naiz"

Anakoz Amenabar 2025eko urriaren 25a

Zesta-punta utzita, entrenatzaile pertsonal modura ari da orain Foronda. Argazkia: E. ANDA / ALEA

AEBetan bizi izandako abentura luzeari, eta horrekin batera zesta-punta profesionalari, amaiera jarri dio Iker Forondak, bi hamarkadaren ostean; xistera ez du oraindik eskegi, ordea, eta ahal duenean entrenatzen jarraitzen du, lan berriak eta familiak uzten dioten tarte txikian.

Uztailaren 3an heldu zen Euskal Herrira Iker Foronda (Gasteiz, 1979), eta atzean utzi zuen ia hogei urteko AEBetako ibilbide profesionala. EHUn Soin Hezkuntza ikasketak amaituta, Floridara egin zuen jauzi, eta Dania zein Miamiko frontoietan aritu da urteotan. Goi mailako puntisten artean lekua irabazi arren – besteak beste, Munduko Txapelduna izan zen 2009an– lortutako tituluak baino, bidean egindako lagunak azpimarratu ditu.

Profesionalki utzi duzu zesta-punta, baina oraindik lotuta jarraitzen duzu nolabait?

Entrenatzen jarraitzen dut. Gustatuko litzaidake denbora gehiago izatea, besteak beste, umeak entrenatu ahal izateko, baina etorri berri nago... Entrenatzaile moduan ari naiz orain Vive zentroan, eta lanak kentzen dit denbora gehien, nire txikitxoekin batera. Denbora dudanean gustatuko litzaidake Federazioan laguntzea...

Zergatik erabaki zenuen AEBetara joatea?

Betidanik jokatzea izan da nire ametsa eta gustuko izan dudana. Saltoa eman nuen horretara dedikatu nahi nuelako. Hainbat joan-etorri izan ziren hasieran. 2003an joan nintzen lehenengo aldiz, 2006an ikasketak amaitzera bueltatu nintzen, eta 2010ean beste abentura bat hasi nuen; denboraldi motzak egiten nituen Orlandon eta Fort Piercen, joan eta etorri. 2013an Daniara joan nintzen berriz, gelditzeko. Euskal Herrira bueltatu nintzen aldiro jokatzen jarraitu nuen, eta oso gustura, baina hemengo enpresarekin ez nuen akordiorik lortu, eta, ikasketak amaituta, nire afizioa berreskuratzeko aukera izan nuen. Horregatik hartu nuen erabakia, batez ere. Niri askoz gehiago gustatzen zitzaidan hemen jokatzea, AEBetan baino, hemen pilotaria ikusten dutelako, eta ez zenbaki bat, baina aukera hori eman zidaten han...

Nabari da babes hori jokalari moduan?

Bai, nabari da. Euskal Herrian ematen dizuten gertutasuna eta egiten dizuten jarraipena oso desberdina da. AEBetan ere badira zaleak kirola oso gertutik jarraitzen dutenak, ezagutzen zaituztenak, baina normalean apustua egiten duenak onena zein den begiratzen du, zein zenbaki duen. Markiñan mundiala jokatu nuenean gogoratzen dut etxean bezala sentitu nintzela; asko joaten nintzen hara entrenatzera, eta horrek asko laguntzen du. Gauzak errazagoak dira babesa baldin baduzu.

"Euskal Herrian ematen dizuten gertutasuna eta egiten dizuten jarraipena desberdina da"

Atzera begira, nolako esperientzia izan da azken hogei urteetakoa?

Beti esaten dut oso positiboa izan dela. AEBetan egon arren, euskaldunen artean bizi izan gara, hango pilotariak gehienak euskaldunak direlako, eta komunitate txiki bat osatu dugu. Lehia dago beti, zure aurkariak dira, baina frontoitik kanpo familia bat egin dugu, eta denbora librea elkarrekin gozatu dugu, norbaiten etxean barbakoa edo bestelako jardueraren batekin. Daniako Jai Alai frontoia itxi zutenean, 2021ean, Miamiko Magic Cityn jokatzeko aukera eman zidaten; iparralderago dagoen eskola batean hasi ziren alabak, eta gerturatzea erabaki genuen.

Nolakoa zen zure egunerokoa orduan?

Frontoia itxi zutenean Publix supermerkatuan hasi nintzen fruta mozten. Urte gogorra izan zen, goizeko bostetan hara joan, eta askotan 10-12 orduko lanaldiak izaten ziren. Orduan, epaile moduan aritzeko aukera eman zidaten Magic Cityn, hobeto ordainduta, eta aukera bat izan zen niretzat entrenatzen jarraitu ahal izateko. Berriz ere jokatzen hasteko aukera eskaini zidaten ostean, baina partidak izango ziren, astean behin, eta ez kinielak, ordura arte egin nuen moduan. Soldata on bat eman zidatenez, aurreko lana utzi ahal izan nuen.

Iker Foronda, Miamiko Magic City frontoian. Argazkia: CHEMA REY

Argi zenuen Euskal Herrira bueltatu behar zenuela?

Jarraitzeko aukera eman zidaten, baina ikusten genuen alabek 4 eta 6 urte bete zituztela, eta bueltatzeko garaia zela hau. Cris emazteak eta biok oso argi geneukan bueltatu nahi genuela, eta alaben adina izan da muga; beste pilotarien esperientzia batzuk ikusita, zortzi urterekin  egokitzeko zaitasunak izan daitezke, eta horregatik erabaki genuen momentua zela. Oso gustura geunden han, baina bagenekien beraiek askoz ere hobeto ibiliko zirela hemen. Euskara ere ez genuen hainbeste pratikatzen, nahiz eta gure artean egin, beste pilotariekin ez ginelako hainbeste elkartzen azken denboraldian... Tira, gauza bat eta beste, bueltatzeko garaia zen.

Zestarekin hemen jarraitzea pentsatu zenuen?

Nire adinarekin, 46 urterekin, oso zaila da hemen profesional moduan jarraitzea. Orain jokatzen ari diren profesional gehienak gazteak dira, kristoren sasoiarekin. Hango frontoian, txikiagoa dena eta egoera ezberdin batekin, aukera nuen oraindik profesionaletan maila onean aritzeko, baina orain hemen ez dut nire burua profesionaletan ikusten. Han ere, normalean, topera ibiltzen direnak 20 eta 30 urte bitartekoak izaten dira; ni nintzen beharbada zaharrenetakoa, ni baino urtebete zaharragoa den baten bat salbu. Jairo Baroja ere badago, gasteiztarra, ni baino pixka bat nagusiagoa dena.

Zesta-punta eredu oso desberdinak dira Euskal Herrikoa eta AEBetakoa, ezta?

Bai, eta orain gauzak aldatzen ari dira zertxobait, baina lehen apustua zen ardatza, eta horregatik egiten ziren kinielak, zaldi edo txakurrekin egiten zen apustu bera, trifekta esaten zaiona; lehen postua, bigarrena eta hirugarrena asmatu behar dituzu. Magic City frontoi txiki honetan beste buelta bat eman diote, eta Battle Court delako liga egiten dute; sei talde daude, bi denboraldi, eta denboraldi bakoitzean zenbait partida; gehien puntuatzen duten biak heltzen dira finalera. Apustuari ez zaio hainbeste begiratzen, baizik eta ikuskizunari, taldeari.

"AEB-etan izan arren, euskaldunen artean komunitate txiki bat egin dugu"

Zure garaian, berriz, apustuak nagusi.

Funtsezkoak izan dira, bai. Gogoratzen dut lehenengo aldiz heldu nintzenean Dania makalaldian zegoela, apustuek behera egin zutelako, beste kirol eta apustu batzuk sartu zituztelako, eta denboraldi batez txanpon makinei esker jarraitu ahal izan zuen. Akordio bati esker, soilik frontoia edo hipodromoa eta zakur pista zutenek zuten aukera kasino bat irekitzeko Floridan, eta ezin zen beste inon apusturik egin. Lizentzia horri esker mantendu zuten Jai Alai eta zesta-punta bizirik. Hori pasata, zesta-punta jarduera beharrezkoa izan ez zenean kasino lizentzia izateko, ixtea erabaki zuten; orain urtean hiru hilabetez irekitzen dute frontoia, baina ezin zaitezke horretara erabat dedikatu, lehen egiten zen moduan.

Iker Foronda, Floridan, familia eta lagun taldearekin. Argazkia: I. FORONDA

Nolako osasuna du orain zesta-puntak AEBetan?

Formatu txiki horretan, Magic Cityn, ikusten dut gazteek baldintza nahiko onak dituztela, soldata on bat dute, ikasketekin jarraitzeko aukera dute aldi berean, eta horretaz bizi dira. Alde horretatik, gure garaian baino osasuntsuago ikusten dut. Gure garaian beti borrokan ibili behar genuen aseguruengatik edo soldata jeitsi nahi zigutelako, apustuek indarra galdu zutelako. Orain ikuskizunari begiratzen diote gehiago, eta hedabideetan oso ondo saltzen ari dira, Pitbull abeslaria, NBAko jokalariren bat edo bestelako influencerrek bultzatuta. Berpizte txiki bat ikusten dut bide horretatik.

Eta Euskal Herriari begira, susperraldirik ba al dago?

ETBk apustua egin du zesta-puntaren alde eta gehiago ikusten da telebistan, eta Eraman enpresak ere bultzada bat eman dio. Gazte gehiago elkartzen dira frontoian antolatzen duten musika eta ikuskizunarekin. Baina oraindik uste dut asko dagoela ibiltzeko, eta asko dagoela aldatzeko. Oso kirol tradizionala da, eta horrek ez du esan nahi ezer txarra denik, baina gauza askotan modernizatu behar dela uste dut. Beste kirol batzuetan ikusten dugu mailaren araberako aukerak izaten direla, alegia, lehenengoa bazara, beste liga batera joatea edo beste aukera batzuk dituzu eskura, eta, aldiz, zesta-puntan... Gaur egun enpresek sekulako indarra izaten jarraitzen dute, eta gauza asko nahierara erabakitzen dira, kirol merituak kontuan izan gabe. Eta, nire ustez, hori aldatu beharko litzateke. Ez da beste kiroletan halakorik ikusten. Uste dut buelta bat behar duela horrek, eta are gehiago Jaurlaritzak dirua jartzen badu. Jokalari guztiek aukera berdina izan beharko lukete. Eta, momentu honetan, zauden enpresaren arabera gauza bat egiten duzu ala beste bat. Hori oraindik ikusten ari gara, eta bada garaia aldatzeko. Ikuskizun polita egin daiteke guztiei aukerak emanda.

"Enpresek askotan ez dute plangintzarik pilotari gazteen harrobia osatzen joateko"

Aukera gutxi dituzte puntistek?

Ikusten dut ateratzen ari direla Urreisti moduko gazte batzuk, baina oraindik Aritz Erkiagak onena izaten jarraitzen du, eta hori nire ustez seinale txarra da. Pilotari nagusi bat baldin badago onena izaten jarraitzen duena denboraldi luze batez, bere garaian Goiko edo Lopez izan ziren bezala, horrek esan nahi du zeozer egin behar dela eskoletan, enpresetan... Enpresek eskoletatik ateratzen diren pilotariak hartzen dituzte, baina askotan ez dute plangintzarik pilotari onak izateko harrobian, oinarrian, beste kiroletan egiten den bezala. Zain daude, pilotari onena noiz aterako, eta frontoiz frontoi ibilita fitxatzen dute, baina ez guztiei begiratuta, eta ez aukera berdina emanda. Hor badago zeregina.

Zer esango zenioke hasi berri den pilotari bati?

Beti aholku bera ematen dut nik. Batez ere goi mailan ari direnenei, aurrera egin eta lanean jarraitzeko esango nieke. Askotan zalantzak sortzen dira mundial batean aritu edo ez, debutatu edo ez, horrek aukerak itxi ditzakeelakoan, eta enpresaren arabera erabaki batek edo besteak ondorioak izango dituelakoan. Zuk zure lana egin behar duzu beti, eta maila hobeago batean aritzeko aukera ematen badizute, saiatu; zure lana egiten jarraitu, sailkatu ala ez. Horri esker, hobetzen jarraituko duzu. Tituluak momentuan bertan emango dizu poztasuna, baina gero ibilbidearekin geratuko zara; eta ibilbide horretan lagunak, baloreak eta beste mila gauza daude. Ni hamaika urterekin hasi nintzen, eta, hainbeste urte pasa eta gero, ez naiz tituluekin geratzen, askoz garrantzitsuagoak diren lagunekin baizik.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago