Kamerak, Gazara begira

Erredakzioa 2025eko urriaren 23a

Atzerriko kazetarien jarduna debekatu ostean, tokiko argazkilarien esku geratu da Gazako irudiak jasotzeko ardura. Argazkia: ALI JADALLAH

Azaroaren 16a bitartean izango da ikusgai, Montehermoso kulturgunean, 'World Press Photo' argazki erakusketa. Munduko gertakariak jasotzen dituzten 41 egileren 160 argazki daude ikusgai.

Gasteizen da World Press Photo fotokazetaritza erakusketa nagusia, urteroko zitari hutsik egin gabe. Oraingoan, 141 herrialdetako 3.778 profesionalen ia 60.000 argazki aurkeztu dira lehiaketan.

Aurtengoan ere, bigarrenez, World Press Photo irabazi duen argazkia Gazako sarraskiarekin lotuta dago. Samar Abu Elouf argazkilari palestinarrak New York Times egunkariarentzat egindako argazkian, Israelen bonbardaketa baten ondorioz bi besoak galdu dituen 9 urteko Mahmoud Ajjour ageri da.

Horrekin batera, erakusketako lanek berriz ere jorratu dituzte mundu mailan kezka eragiten duten gaiak edota eragin unibertsala duten giza inguruabarrak.

Motozikleta istripu batean hanka bat galdu arren, Tamale Safalu desgaitasunik gabeko atleten aurka lehiatzen da kulturismoan. Herbeheretako Mikak genero aldaketa egiteko tratamendua bere poltsikotik ordaindu du, genero klinikan lehen zita noiz jasoko zain. Myanmar barne gatazkak jota dabil azken hamarkadetan. Eta Afganistanen, berriz, emaztegaiaren soinekoak dituzten manikien buruak plastikozko poltsekin estaltzen dituzte. Zeelanda Berriko gobernuak injusizia historikoengatik barkamena eskatu du, eta antzinako balioak berreskuratzeko borondatea erakutsi du. Constance Wynnek, berriz, bere arbasoek Pennsylvanian, esklabotzatik ihesian, eraikitako etxean jarraitu du AEBetako hautes-gaua.

 

'Tamale Safalu'. Argazkia: MARIJN FIDDER

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago