Aske utzi dituzte atzoko protestan atxilotutako hemeretzi pertsonak

Erredakzioa 2025eko urriaren 13a

Ertzainak hainbat pertsona atzematen, Falangearen protesta ondoan. Argazkia: ALEA

Bart gauean zehar utzi dituzte aske atxilotuak, denak protesta antifaxistan parte hartzen ari zirenen artean atzemandakoak. Ertzainburuen akatsak kritikatu ditu Erne sindikatuak.

Hemeretzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak atzo, Falangearen bisitaren aurka antolatutako ekintzetan. Adin txikiko pertsona bat atxilotu eta gutxira utzi zuten aske, eta gainerakoak igandetik astelehenerako gauean askatu dituzte. Desordena publikoaren delituak leporatu dizkiete.

Dozenaka falangista bildu ziren Probintzia plazan, eta Jesusen Zerbitzarien kaletik hurbildu ziren ehunka gazte antifaxista. Eguerdian zehar Ertzaintza eta manifestarien artean izan ziren istiluak Gasteizko hainbat kaletan zehar. Edukiontzi batzuk erre zituzten antifaxistek, eta hainbat objektu jaurti falangisten aurka eta, bereziki, Ertzaintzak osatutako lerroaren aurka.

Falangista eta antifaxisten arteko borroka zuzenak ere izan ziren, hasierako minutuetan. 12:00ak heltzeko minutu gutxi falta zirenean hasi ziren Falangeko kideak Probintzia plazara sartzen, eta momentu horretan dozenaka antifaxista oldartu ziren haien aurka, tartean zeuden ertzain gutxiak gaindituta. Kolpeka aritu ziren falangistak eta antifaxistak Probintzia plazaren albo batean, eta ondorenera hurbildu ziren ertzainak. Antifaxistak harrapatuta gelditu ziren Ertzaintza eta falangisten artean, eta ertzainen artetik korrika ihes egitea lortu zuten gehienek.

Polizia operatibo eskasa

Erne sindikatuak egin du salaketa, ertzainen operatiboa "erridikulua" izan dela esanez, eta Poliziaren jokabidea urrun egon dela beharrezko "eraginkortasun eta proportzionaltasunetik", eta hiritarren segurtasunean zentratua behar lukeela operatiboak. Ertzainak beharrik gabe arriskuan jarri dituztela salatu du sindikatuak.

Dimisioak ere eskatu ditu sindikatuak atzoko gertakariengatik. Zehazki, Josu Bujanda Ertzainburua eta Alfonso Garaikoetxea Hiritarren Babeserako Dibisioko burua seinalatu dituzte. Falangearen bisitan jarritako "dispositibo eskasa" salatu dute, eta adierazi horrek eragin zuela "gazte erradikalekin zelai beteko bataila" gertatzea. Igandekoa "enegarren adibidea" izan zela salatu dute, eta erantzukizunak argitzeko eskatu.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Falangea legez kanpo uzteko eskatu du Ser kateari emandako elkarrizketa batean. Antolakunde "frankista eta faxista" denez debekatu egin beharko litzatekeela defendatu du Gonzalezek, eta gogorarazi du 1936an faxistek Arabako ahaldun nagusia zena hil zutela, Teodoro Olarte. Aldundiaren jauregiaren ondoan faxisten ekitaldi bat ikustea oso mingarria dela adierazi du, frankismoaren biktimen omenezko oroitarririk metro gutxira, hain zuzen. Falangearen aurkako protestan parte hartu zutenen aurkako hitzak ere izan ditu, esanez ertzainen aurka oldartu zirela, ez falangisten aurka, eta "dena suntsitu eta istiluak sortzea" zela haien helburua.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago