Falange Españolaren bisita ez da lasai igaro gaurkoan Gasteizen. Probintzia plazan elkartu dira ehun bat faxista, Espainiaren batasunaren defentsan, Espainiako banderaz eta Falangearen banderaz hornituta. Falangistak agertu direnerako ehunka pertsona zeuden inguruko kaleetan, faxismoari aurka egiteko deialdi anonimo batek bilduta. Istilu ugari izan dira inguruko kaleetan, Jesusen zerbitzarien kalean, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, eta erdiguneko eta Alde Zaharreko beste hainbat txokotan.
Gainezka egin dio Poliziari mobilizazioak. Hamazazpi pertsona atxilotu dituzte, hainbat pertsona zauritu dira istiluetan, eta osasun zerbitzuek artatu behar izan dituzte. Gutxienez pertsona bat Santiago ospitalera bidali dute, Poliziaren furgoi batek zapaldu ostean. Falangearen elkarretaratzea bukatuta, beren ibilgailuetara bueltan zeudenean, falangistak herritarren aurka oldartzen hasi dira, irainduz eta objektuak jaurtiz. Aparkalekutik armak eskuan atera dira, eta piper gasa bota diote inguruan zebilen herritar bati behintzat.
Beste dozenaka lagun Arka plazan elkartu dira, ordu berean, Gasteizko herri mugimenduaren izenean deitutako elkarretaratzean, Olatu erreakzionario eta faxistaren aurrean, Gasteiz antikoloniala antolatu lelopean.