Jo puntuan daudenen puntuak

Aratz Fernandez de Pinedo 2025eko urriaren 11

Azken aldian ideia arrazisten gorakada izan dela nabarmendu dute Boushabek eta Beyahrek. Argazkia: A. MARTINEZ DE LUNA / ALEA

Arrazakeria ez da batere gai berria gure gizartean, baina akaso azkenaldian nabariagoa da gorrotoaren pisua: ikusi besterik ez dago egunez egun eskuin muturreko alderdi zein ideiak nola hedatzen ari diren. Zubiak eraikitzea zaila den garaietan, abiapuntu ona izan daiteke elkar entzun eta ulertzea.

Arrazakeriarekin lotutako bizipenak, diskurtso erreakzionarioen gorakada edota hauei aurre egin beharraz jarduteko bildu da ALEA Bouya Ahmed Boushab eta Sidi Beyahrekin. Boushab Kanarietan jaio eta Izarrara etorri zen umea zela, Mauritaniako familiarekin. Izarran bizi izan da eta "bat gehiago" sentitu izan da beti. Askotariko lagunak ditu, "arabiarrak eta euskaldunak", eta inguru politizatuetan eta militantzian mugitzen da.

Mahaiaren bestaldean Beyah dago, Boushaben laguna, bestelako egoera batekin: 22 urte ditu eta duela pare bat urte emigratu zuen Gasteizera. Unibertsitateko ikasketak amaituak zituen Mauritanian, baina etorkizun krudela ikusten zuen bertan, eta Europara etortzea erabaki zuen.

Batak zein besteak, norbere esperientziatik edo inguruan ikusitakotik badakite Europarekiko sekulako espektatibak daudela Mauritanian, eta orokorrean, Magreb guztian. Diru eta lan askoko lurralde oparo bezala imajinatzen dute, eta behin hona helduta errealitateak kolpe bat ematen badie ere, zaila da bertan geratu diren familia eta lagunen aurrean espektatibak gezurtatzea: "Badirudi pertsona ahula zarela, ez duzula jakin Europan ondo mugitzen", dio Boushabek, eta gaineratu du badagoela "kulpa sentsazio bat: etorri dira, ikusi dute baldintzak ez direla batere onak, baina ezin dute esan, ez dezepzionatzeko". Izan ere, kasu askotan familia osoa batzen da nola edo hala emigratuko duen gazteari ekonomikoki laguntzeko, eta horrek "sortzen du presio bat familiarekiko: dirua bidaltzea, esatea beti ondo zaudela… zerbait zor diezu beti", dio Boushabek.

Burokrazian kateatuta

Familiarekin adostu ondoren, Gasteizera heltzea lortu zuen Beyahk, baina oztopo bat bestearen atzetik aurkitu du iritsi zenetik. Jakina da arrazakeriak hamaika aurpegi dituela, eta horietatik gogorrena, Beyahrentzat, burokrazia eta traba administratiboen bidezkoa izan da. Iritsi zen egunetik bertatik agiri eta dokumentu artean pasa behar izan ditu orduak eta orduak, izan errolda lortzeko edo izan kudeaketa txikiena ere egiteko. Are gehiago, kexu da zenbait administrari ez zaizkiola guztiz gardenak izan eta informazio guztia eman gabe bultzatu dutela zenbait dokumentu sinatzera, horren ondorioak berarentzat kaltegarriak zirela jakinik.

Paperen kontua, gainera, gurpil zoro bat dela dio Beyahk: "Errolda lortzeko diru asko behar duzu. Baina baimen legal bat gabe ezin duzu lanik egin, edo lana lortzekotan, muturreko esplotazioa da, agian, 12 orduz lan egin eta 400 edo 500 euro kobratu". Etxebizitzari dagokionez, honakoa esaten du: "Horrez gain pisu bat alokatzeko nomina potente bat duen lan kontratu bat behar duzu, baina paperik gabe ezin duzu ez kontraturik ez nominarik izan". Irtenbiderik gabeko kalexka dirudi.

"Errolda lortzeko diru asko behar duzu, eta baimenik gabe lanik ez"

Sidi Beyah

Hasierako hilabeteetan ohikoena aurretik hemen bizi diren etorkinen artean elkar laguntzea da, baina hori ere kriminalizatua izaten omen da maiz, Beyahk kontatu duenez: "Behin emakume mauritaniar bati lagundu nion bulego batera, eta jakin zutenean ez ginela familiakoak mafia batekoa nintzela esanez hasi zitzaizkidan, nire herrialdeko emakume bat laguntze hutsagatik".

Indarkeriaren areagotzea

Administrazioko traba legalez edo xantaiaren bidezko muturreko esplotazioaz gain, kale mailan biek nabaritzen dute arrazakeria "modu sutilean, begiradetan, fijatu nahi izaten ez duzun gauzetan". Boushabek aipatu du etengabe egiten duzun guztia justifikatzen ibili beharra. Beyahk, bide beretik, kontatu du noizbait Mauritaniako jantzi ohikoarekin kalera ateratzean begirada mesfidatiak nabaritu dituela bata bestearen atzetik, etengabe deseroso egonarazten dutenak, etengabe alerta.

Etorri berri denaren perspektibarekin alderatuta, bestelako ikuspegi batetik behatzen dio Boushabek arrazakeriari. Izan ere, umetatik hemen bizi izan denez lehen pertsonan konta dezake azken urte hauetako testuinguru ilunaren garapena. "Ez dakit justu noiz hasi ziren ugaritzen komentario arrazistak edo erreakzionarioak. Ez dakit esaten garai konkretu bat". Baina gogoan du duela ia hamar urte Vox agertzen hasi zenean, nola pertsonaia ero batzuk bezala ikusten zituzten. Esan daitekeenaren mugak, zentzu komuna, aldatzen ari dira, ordea: "Poliki-poliki diskurtso horiek normalizatu eta hedatu dira; ez, agian, jendeak zuzenean komentario arrazistak egiten dituelako, baina bai gutxi batzuek egin eta jendeak beste aldera begiratzen duelako, edo existitzen ez den neutraltasun bat erakusten duelako".

Bouya Ahmed Boushab eta Sidi Beyah solaskideak, Gasteizko Alde Zaharrean. A. Fernandez de Pinedo.

Ideia arrazistak zabaltzearekin batera, Boushabek argi ikusten du jasaten duten indarkeriaren gorakada, duela urte gutxi ohikoak ez ziren gauzak normalizatzen ari baitira: "Nire gurasoek esan izan didate nabaritzen dutela, nirekin konparatuta, nire anai gazteak aurreiritzi gehiago jasaten dituela. Ni ez ninduten eskolan inoiz gaizki tratatu edo komentario txarrik egin, eta aldiz nire anaia etxera etorri da behin baino gehiagotan esanez moro de mierda edo horrelakoak esan dizkiotela".

Beyahri, bestalde, atentzioa eman dio etorri denetik zein burbuila diferentziatu dauden gizartean. Elkarren artean ezagutzeko espazioak dauden arren, zaila iruditzen zaio jatorriagatik aurkitu dituen mugak gainditzea. "Leku berean egoten gara, baina bizitza paraleloak ditugu".

"Anaia behin baino gehiagotan etorri da 'moro de mierda' esan diotela"

Bouya Ahmed Boushad

Mugak linguistikoak ere badira maiz, Boushabek kontatu duenez: "Niri, adibidez, gertatu izan zait lan egiten dudan tabernan kuadrillaren bat sartzea euskaraz, eta nire muturren parean behin edo behin immigrazioaz hitz egiten hastea, eta esaten inmigranteak datozela eta ez dutela euskaraz ikasi nahi, ez garela integratzen… eta ni hor aurrean guztia entzuten, haiek pentsatzen duten bitartean ez dudala ezer ulertzen. Oso polita da, eta oso lotsagarria ere bai, 'Zer nahi duzue?' galdetzen diedan momentua. Apurtuta geratzen dira". Aipatzekoa da Beyahk ere euskaraz ikasi nahi duela, eta interneten hasi dela zer edo zer begiratzen, baina ez dakiela momentuz nora jo.

Salatu eta antolatzearen beharra

Norbere esperientziak gora behera, arduraz bizi dute biek gorroto diskurtsoen gorakada. Elkarrizketa aireratu eta arrazakeriaz modu orokorrago batean hitz egiten hasi garenean, Boushabek hitza hartu du, askotan errepikatu izan duen egia bat kontatuz bezala: "Arrazakeria langile klasearen artean hierarkiak sortu eta gure artean etsaituta egoteko tresna bat da". Izan ere, miseriaren erantzuleei begira egon beharrean, faxismoak "gure artean elkar seinalatzen" ibiltzera bultzatzen gaituela ohartarazi du. Beyahk, bestalde, gehiegizko orokortzeak eragiten duen kalteaz hitz egin du, "pertsona onak eta txarrak" leku guztietan dauden arren, arrazakeriak dena sinplifikatu eta konplexuak diren taldeak zaku berean sartzen dituelako.

Boushabek, bide beretik, bere laguna baino pauso bat harago joan nahi izan du, eta seinalatu du arrazakeriak klasismoarekin duen lotura estua: "Etorkin aberatsak ia ez du arrazakeriarik sufrituko. Are gehiago, ia gonbidatu egingo dute hona etortzera, bertan kontsumitzera. Eta, beste aldetik, laguntza bila datorren norbait edo etorkizun duinago baten bila datorren norbaiten esperientziak ez du inongo zerikusirik".

Migranteak saretu eta aktibatzeko bigarren belaunaldiak egin dezakeen "zubi lana" azpimarratu dute. Argazkia: E. ANDA/ ALEA

Biak ados daude inportantea dela hitz egitea, arrazakeriari lotutako esperientziak partekatzea eta elkar ezagutzea. Boushabek argi dio komentario edo jarrera arrazista bakoitzari erantzun behar zaiola, eraso guztiak salatuz. Honen aurrean funtsezkoa ikusten du migranteak saretu eta politikoki aktibatzea, eta "bertakoekin batera borroka komunitate batean batzea, arrazakeriarekin eta beste zapalkuntzekin kontzientzia duena eta honen aurrean antolatzen dena". Horretarako bigarren belaunaldiak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du, "zubi lana" egin dezakeelako.

Gaiaren hainbat ertz ukitu ostean, hausnarketarako hainbat ideia geratu dira mahai gainean, gorroto diskurtsoek ateratzen duten zaratak ikusten uzten ez dizkigun gertuko errealitateak, entzun eta elkar banatzen jarraitu beharreko ikuspegiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago