Itzalpetik berreskuratu dute Isaak Diez

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 12a

Arte Ederren Museoan paratu dute Diezen erakusketa. Argazkia: PHOT.OK

Isaak Diez de Ibarrondori buruzko erakusketa inauguratu berri dute Arabako Arte Ederren Museoan. Artista gasteiztarraren lan ezezagunen artean dago Euskal Herrian filmatu zen fikziozko lehen pelikula: 'Josetxo'.

25 urte zituenean, 1917an,  Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako erraldoi eta buruhandiak diseinatu zituen; urtebete beranduago Josetxo zuzendu zuen, Euskal Herrian filmatutako fikziozko lehen pelikula, bera protagonista zuena; eta 1933an Fournierrentzat euskal gaiekin egindako lehen karta sorta marraztu zuen.

Isaak Diez de Ibarrondo artista polifazetiko eta politikari jelkidearen ekarpen artistikoa eta bizitzaren inguruko erakusketa inauguratu berri du aldundiaren Kultura sailak Arabako Arte Ederren Museoan. Isaak Diez (1891-1962) Arabar artista baten bizitza eta obra erakusketa 2026ko apirilaren 12ra arte egongo da zabalik.

Gaur, Diezen obraren zati oso txiki bat Arabako Arte Ederren Museoan dago, familiako artxibo sakabanatuetan ere badira artista gasteiztarraren lan bakan batzuk, baina asko eta asko desagertu egin dira.

Josetxo filma da, kasu, artista gasteiztarraren produkzioan galdutako pieza esanguratsu bat. Grafica Española izan zen pelikularen ekoiztetxea, eta Diez, aktore nagusia izateaz gain, zuzendaria eta gidoilaria ere izan zen. Asuncion Muñoz aktore nagusiarekin batera, beste lagun artista batzuk ere sartu zituen tartean, hala nola Saturnino Ortiz de Urbina eta Obdulio Lopez de Uralde. 1918an filmatu zuten, Gasteizko Dato kaleko Universal kafetegia, Armentia inguruak eta Aiztogile kaleko Bendaña jauregiaren artean, eta mutil baten istorioa kontatzen zuen.

Zoritxarrez, filma ezin izan zen amaitu diru faltagatik, eta pelikula aitzindari haren kopiarik ez da gorde. Alta, Diezen ausardia garaiko prentsan jaso zuten, eta "bere lurraren arima" zinemara eramateko ahalegina txalotu zuten.

Harrera bikaina izan zuten ere 1917an Gasteizko erraldoi eta buruhandientzako Diezek egindako diseinuek. Urte hartan, Gasteizko Udalak Madrilgo F. Losada enpresarekin batera, Andre Maria Zuriaren jaietan desfilatzen duten erraldoi eta buruhandiak sortzeko eskatu zion. Gasteiztarrak Aramaioko bikotea deritzon erraldoi parea egin zuen.

Heraldo Alavés kazetaren arabera, Isaak Diezek egindako erraldoiek nagusitasun artistiko handia zuten Madrilen eraikitakoen aldean. "Hemen egindakoek benetako zaporea dute", azpimarratu zuen. Alta, gaurdaino ez da argitu zein beste bikote egin zuen.

Arte eta Lanbide eskolako semea

Isaak Diez Gasteizen jaio zen 1891n, eta artista belaunaldi oso baten sorlekuan hezi zen, Arte eta Lanbide Eskolan, Ignacio Diaz de Olanoren magisteritzapean. Bertan, Adrian Aldekoa edo Obdulio Lopez de Uralde bezalako lagunekin gela partekatu zuen. Urte haietan, jakin-min aseezinagatik nabarmendu zen Diez: marraztu, modelatu, margotu eta zehaztasun ia zientifikoz behatzen zion giza gorputzari.

1933. urtean euskal karta sorta edo Euzko Jokoileak. Euzkadi lana egin zuen Fournier enpresarentzat

Sariak eta ohorezko aipamenak lortu zituen erakutsi zuen talentuagatik, eta sentsibilitate handiarekin egindako lan ugari utzi zituen. 1914an, adibidez, Gitana koadroa margotu zuen, gaur egun Arabako Arte Ederren Museoan erakusgai dagoen obra goiztiarra. Bertan, emakume irudi boteretsu eta malenkoniatsua identitate eta askatasunaren sinbolo gisa agertzen da.

Nahiz eta bere obraren zati handi bat galdu egin den edo dokumentazio grafikoagatik bakarrik ezagutzen den, moldakortasun handia erakutsi zuen artista da Diez. Tradiziotik gertuko estilo errealistarekin landu zuen pintura; eta eskulturan, berriz, estilo moderno eta ausartagoa erakutsi zuen. Sentiberatasun handiko bustoak eta erretratuak egin zituen, erlijio piezak eta ilustrazio lan ugari.

Deserriratua

Bere ekoizpen artistikoarekin lotu zen beti bere jarduera politikoa. Gazte gaztetatik Gasteizko Juventud Vascan parte hartu zuen, eta 1922ko udal hauteskundeetara ere aurkeztu zen. 30eko hamarkadan funtzio garrantzitsua bete zuen Araba Buru Batzarrean, eta mitin askotan parte hartu zuen herrialde osoan.

36ko gerran, EAJren Araba Batailoira batu zen Isaak Diez, Laudion

Abertzaletasuna ere bere jarduera kulturalean islatu zuen, hala nola musikaren eta antzerkiaren bidez, bereziki Ostadarra taldean. Halaber, 1933. urtean euskal karta sorta edo Euzko Jokoileak. Euzkadi lana egin zuen Fournier enpresarentzat. Karta sortan erregeen irudien ordez, esate baterako, basajauna ageri zen; bastoiko zaldiaren ordez Zuberoako maskaradetako zamaltzaina; eta urrezko bataren ordez Gasteizko Olarizuko erromeriara zaldi gainean doan Arabako Lautadako alkate bat.

1934an hirugarren Aberri Eguna izan zen, eta berrogeita hamar mila pertsona inguru bildu ziren Gasteizen. Isaak Diezek ekitaldiaren egitaraua egin zuen, eta kartel bat egiten ere lagundu zuen.
36ko gerran, EAJren Araba Batailoira batu zen Diez, eta, aldi berean, sortzen jarraitu zuen: frontean panteoientzako zirriborroak marraztu zituen, eroritako gudarien omenez. Frankisten garaipenak erbestera bultzatu zuen: lehenik Frantzian, non baldintza eskasetan biziraun zuen, eta ondoren Venezuelan non 1962an hil zen.

Deserrian ere artelanak egiten jarraitu zuen. Lan multzorik osoena San Anastasio elizan egin zuen, Saint-Martin-d’Oydes herrian, 1941ean. Han, koruan erakusteko bi pintura eta elizako nabeetan eskegitzeko bi friso handi margotu zituen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago