Hispanitatea gori Gasteizen

Jon Hidalgo 2025eko urriaren 9a

GAR taldeetako unitate bat, Plaza Berrian, iazko ekitaldian. Argazkia: DOS POR DOS

Hispanitatearen eguna ospatuko da igandean. Espainiako nazioaren eguna, Guardia Zibilaren patroia, Arrazaren eguna, bi munduren topaketa, izen asko ditu egun honek, eta aktualitate handia oraindik.

Nazioen arteko gudaren eszenatoki izaten jarraitzen du urriaren 12ak. Falange Española de las JONS antolakunde faxistak, beste behin, Euskal Herria aukeratu du Espainiaren aldeko erakustaldia egiteko. Aurten Gasteizen biltzera deitu dituzte estatu osoko kideak, Espainiaren batasunaren defentsan. Espainiaren batasuna ez da bozkatzen ez negoziatzen lelopean egingo dute elkarretaratzea 12:00etan Probintzia plazan.

Arrano Beltza eta Espainiako armarriarekin apaindutako kartela zabaldu dute sare sozialetan, beste hainbat mezurekin batera, izan migratzaileen aurka, Irungo Harrera Sarearen aurka, "separatismoen" aurka, edo baita Isabel Diaz Ayusoren aurka ere, bigunegia izateagatik. Primo de Rivera diktadorearen diskurtso zatiek girotzen dute deialdiaren bideoa.

Poliziaren presentzia handia espero da, Falangeak inguruan antolatutako ekitaldi guztietan bezala, eta gainera Gasteizko herritarren mobilizazioa ere sustatu du deialdiak, faxistei aurka egiteko hainbat dei egin dituztelako eragile ezberdinek.

Gasteiz antikoloniala antolatu leloarekin deialdi paralelo bat aurkeztu dute, "Gasteizko Herri Mugimendua" izenez sinatuta, "olatu erreakzionario eta arrazistaren aurrean" bestelako ahotsak ikusarazteko. Arka plazan elkartzera deitu dute 12:00etan, eta hainbat taldek bat egin dute deiarekin, Gasteiz Antirrazistak, Mugimendu Feministak edo Ernaik, besteak beste.

Euskal Herri osoko beste hainbat antolakundek ere nabarmendu dute igandean Gasteiza hurbiltzeko beharra, faxismoaren aurrean antolatzera deituta. GKSk, Jarkik, Aske antolakundeak, Ezkerraldea Antifaxistak eta gehiagok presentzia egingo dute hirian, bermatu nahian Falangearen bisita ez dela lasai joango.

Ohar anonimo bat ere zabaldu da azken egunotan, Faxismoaren aurrean klase batasuna. Falangea suntsitu lelopean. Beste deialdi bat zabaldu dute bertan, 11:30ean elkartuko dira Alamedako Markesaren plazan, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea eta Jesusen Zerbitzarien kalearen arteko bidegurutzean, falangistak elkartuko diren lekutik 200 metro eskasera.

Zabaldutako oharrean faxismoaren gorakada nabarmena salatu dute, eta "kalean erantzuteko beharra" aldarrikatu dute, "faxismoari tokirik ez uzteko". Falangeak zabaltzen dituen "ideia arrazista, matxista, klasista eta espainolistak" salatu dituzte, eta bertaratzeko deia egin.

Aurten Guardia Zibilak kuartelean egingo ditu ospakizunak, baina bero joango da igandea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago