Gasteizko Udal Musika Bandak jarriko du musika Urrezko Zeledon galan

Erredakzioa 2025eko urriaren 3a

Begoña Divarren ibilbidea sarituko dute aurten. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Begoña Divar bandako kidea omenduko dute aurten.

Gasteizko Udal Musika Bandak jarriko du musika aurtengo Urrezko Zeledon sarien galan. Izan ere, bandako kide ere baden Begoña Divarrek jasoko du saria. Urriaren 14an jasoko du omenaldia, 19:30an, Europa jauregian.

Bandak euskal konpositoreen zazpi pieza interpretatuko ditu, beste batzuen artean Eduardo Moreno, Jesus Guridi, Mariano San Miguel edo Sabin Lopez de Gereñurenak. Melodien artean Jose Antonio San Miguelen Iratzartze egongo da; bandarako bertsioa kontzertu horretan estreinatuko dute.

"Urrezko Zeledonen elkarteak bere galarako gure banda aintzat hartzea ohorea da beti; izan ere, sari honek, Urrezko Zeledon sariak, beti aintzatesten ditu oso Gasteizkoak diren pertsonak, hiri honetako bizitzan aktiboki parte hartzen duten pertsonak, eta doazen lekura doazela ere haren enbaxadore direnak", adierazi du Sonia Corcuera Kultura zinegotziak. "Horregatik, Udaletik eskerrak ematen dizkizuegu sarituentzat eta elkartearentzat hain berezia den une honetan parte izan gaitezen saiatzeagatik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago