Begoña Divar

"Instrumentu eta biniloekin, eromena izaten zen gure etxea"

Anakoz Amenabar 2025eko abuztuaren 1a

45 urte egin ditu Begoña Divarrek Gasteizko Udal Musika Bandan. Argazkia: A. AMENABAR /ALEA

Gasteizko txupina jaurtiko du aurten Divarrek; harekin batera, erraldoi eta buruhandiak, Andre Maria Zuriko abade Blanca Aguillo eta Urrezko Zeledon saria jaso duten Satur Garcia eta Joseba Fiestras izango dira.

Gasteizko Udal Musika Bandan sartu zen lehenengo emakumea izan zen Begoña Divar (Gasteiz, 1970), 10 urte besterik ez zituela. Egindako ibilbide oparoaren aitortza modura, sariak pilatzen ari da azkenaldian; Urrezko Zeledon izendatu dute aurten, eta Gasteizko jaietako txupina jaurtiko du, beste hainbat kiderekin batera.

San Migel balkoitik gertu izan zara urtero Zeledonen jaitsieran, eta balkoian aurten...

Egia esan, tokirik onenean egon naiz orain arte Udal Musika Bandarekin; eskaileretan plaza guztia dugu parez pare. Aurten, balkoian, gutxiago ikusiko dudala uste dut, baina jaiei hasiera emateko momentua zirragarria izan ohi da, eta ziurrenik emozioz biziko dut.

Musika ibilbide luze eta garrantzitsu bati aitortza da.

Zortzi urterekin hasi nintzen klarinetea ikasten, eta, proba txiki baten ostean, laster hasi nintzen bandan bekadun moduan, gaur egunera arte, 45 urte igarota.

Aita eta bi anaia ere bandan ziren orduan, ezta?

Eta hirugarren bat ere sartu zen geroago. Nolabait, nire zaintzaileak ziren. Pentsa, hamar urterekin, edadeko gizonez inguratuta; neskatila batentzat lehenengo Gasteizko jaietako saio haiek, adibidez, ez ziren batere errazak. Halere, beti oso babestua eta oso zaindua sentitu izan naiz. Isabel Garcia ere sartu zen orduan, 18 urterekin, eta horrek nolabait bidea ireki zuen belaunaldi gazteagoentzat. Bernabe Sanchis zuzendariak aldaketa ekarri zuen, besteak beste, bekadunak izateko aukera eskainiz.

"Ohitura zaharrak ez ditut galduko bandako kideekin, baina askeago ibiliko naiz aurtengo jaietan"

Nolakoa zen zuen etxea hainbeste musikarirekin?

Eromena zen. Auzokide apartak izan ditugu, kar-kar. Gu entzutea gustoko zutela esaten zuten. Etxean zorrotzak ziren horretan, goiz eta arratsalde jotzen genuen; tarterik bagenuen, musika ikasteko izaten zen, eta egia da musikarekin aurrera egiteko modu bakarra hori dela. Aitarekin hasi nintzen ikasten, irakasle partikular bat izan nuen gero, eta kontserbatorioan jarraitu nuen.

Zer musika entzuten zenuten orduan?

Ama ere melomanoa zen, eta zarzuela asko entzuten genuen. El Caserío-ren solasaldiak memoriaz genekizkien. Gure instrumentuak edo biniloak, bateko eta besteko, musikaz inguratuta bizi ginen.

Musika irakasle ere bazara.

Ikasle gutxi batzuk ditut, baina izugarri gustatzen zait. Duela gutxi, ikasturte amaieran esan nien beraiek bezainbeste ikasi dudala nik eurekin, harreman oso estua dugulako. Aukera ederra da ezagutza zabaldu ahal izatea. Nire irakasleengandik ere hori ikasi nuen; zekiten guztia irakasten ziguten, dena ematen zuten, eskuzabal.

Hainbat musika taldetan ere aritu zara urteotan, baina zer erronka geratzen zaizu?

Arazo bat dut: ez dakit ezetz esaten, eta proiektu berri guztietan sartzen naiz. Oraintxe bertan, Boreas Camara taldearekin jarraitzen dut, eta gauza oso bereziak egiteko aukera dut: instrumentu bereziak jo, kantatu... Besteak beste, Bibaten zuten karta sorta berezi batetik abiatuta, XVIII. mendeko kanta batzuk atera genituen, eta Santa Maria katedralean diskoa grabatzeko aukera izan genuen.

B3 Dixieland taldean ere aritu zinen...

Hamar urte zoragarri izan ziren. Nire beste alde bat erakusteko aukera izan nuen; jazza, erabat desberdina, eta inprobisatu beharra. Jendeak asko disfrutatu zuen taldearekin. Etapa ederra izan zen.

1894an eman zituen lehenengo pausoak Gasteizko Udal Musika Bandak; goian, 2020an. Argazkia: GASTEIZKO UDAL MUSIKA BANDA

Eta, bien bitartean, zer du Udal Musika Bandak hainbeste urte lotuta jarraitzeko?

Beti esaten dut pribilegiatu batzuk garela, etengabe eboluzionatzen ari den taldea delako. Obra klasikoekin hasi nintzen sartu nintzenean, eta modernoagoetara pasa gara; Manhattan Symphony modukoak interpretatu ditugu, bere garaian errepertorio mundu berri batera leihoa izan zena, eta gaur egun eboluzionatzen jarraitzen dugu, publikoa ere gero eta exijenteagoa delako; gaur egun ez da nahiko kontzertu soil batekin, bikaina izan behar du, eta zortea dugu talde bat dugulako etengabe pentsatzen ari dena jendea nola harritu eta banda nola haziarazi.

Zer aholku emango zenioke hasi berri den bati?

Nik izan dudan zutabeetako bat etengabeko ikasketa izan da; ia esan beharrik ez dago, agerikoa da beharrezkoa dela, baina zoritxarrez egungo ikasleek ez dute betetzen. Gogorra da, denok dakigu, ordu asko egin behar dira, baita guk gaur egun ere, baina emaitza pozgarria da, eta merezi du.

Musika oinarria falta zaigu eskoletan?

Oraindik bai. Beti produkziora bideratzen ditugu ikasketak eta eskolaz kanpoko jarduerak, musikak berak nahikoa onura ekarriko ez balu bezala. Nik umeengan duen eragina ikusi dut, arazoak dituzten lagunengan, eta mundu berri bat ireki die; niri ere asko lagundu dit musikak une zailetan. Musika onuragarria da, eta ezin dugu planteatu ekarriko dizkigun onura profesionalak kontuan hartuta; hasi musikarekin, musika gosea piztu umeari, eta utzi bere bidea egiten.

Jaietarako prest?

Bai, bajan nagoen arren. 45 urtez egon naiz jaiak disfrutatu gabe, eta aurten mendekua hartuko dut. Bandarekin sekulako lana izaten da; egunero izaten dira saioak, eta ondo zaindu beharra dago; zezenak izaten zirenean, hamabi orduko lanaldiak izaten ziren. Aurten, ohitura zaharrak ez ditut galduko bandako kideekin, baina askoz ere askeago ibiliko naiz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago