Gasteiz jendez lepo, Palestinaren alde

Erredakzioa 2025eko urriaren 3a

Blokeoa bertan behera uztea, Global Sumud Flotillaren aktibistak askatzea eta Palestinako estatua aitortzea eskatu dute milaka lagunek.

*Irudiak: PHOT.OK

Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria taldeak ostegun arratsaldean Gasteizen antolatu duen manifestazio jendetsuan Israel Palestinan egiten ari den genozidioa berehala gelditzeko eskatu dute.

Alaveszaleentzat deia

Hurrengo egunetan Palestinako herriari babesa emateko ekitaldi gehiago izango dira herrialdean. Arabako Garrasia taldeak  dei egin die Deportivo Alaveseko zaleei urriaren 5ean Palestinako herriari babesa adierazteko. Mendizorrotzako kiroldegiaren izkinan 13:40tik 14:00etara elkarretaratzea egitea eta bost minutu berandu sartzea eskatu dute. Partidaren hasieran harmailak hutsik egotea nahi dute, elkartasun keinu gisa.

Lanuztea lantokietan

Bestalde, LAB, CCOO, STEILAS, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek datorren urriaren 15erako Lanuzte Orokorra iragarri dute Hego Euskal Herrian. ELAk ere deialdia egingo du egun horretarako, baina ez gainontzeko sindikatuekin batera.

Lanuzte orokorrerako erreferentziazko ordutegia goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara izango da. Ordutegi horretan mobilizazioak egingo dira lantokietan, eta 12:30ean manifestazioak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. 

"Palestinako herriarekin langile klase osoaren elkartasuna adieraztea" da helburu nagusia, azaldu dutenez, eta Israel Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren babesarekin Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak salatzea. Zisjordanian Palestinako lurraldearen "etengabeko kolonizazioa eta horrek Palestinako langile klasearen lan eta bizi baldintzetan dituen ondorio larriak" ere salatuko dituzte, eta Gazan ematen ari den genozidioarekin bukatzea aldarrikatzeaz gain, okupazioari nahiz kolonizazioari "bukaera emango dion konponbide integral bat" eskatuko dute.

Patronalari eta Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko erakundeei ere zuzendu dira sindikatuak, Israelgo Estatuarekiko "harreman komertzial oro eten dezatela" eskatuz. "Ez da posible genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitzea”, azpimarratu dute. Zentzu horretan, Europako Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezatela eskatu dute deitzaileek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago