* Argazkiak: PHOT.OK
Bart Israelgo armadak Gazara zihoazen Global Sumud Florillaren ontziei eraso egin ondotik, herritarrak kalera atera dira goizean egoera salatzera. Milaka ikaslek manifestazioa egin dute eguerdian Gasteizko kale nagusietan, Gora palestinar erresistentzia lemapean.
Halaber, 12:30ak aldera Palestinaren alde eta Israelen erasoaren kontra Gasteizko tranbiaren ibilbidea gelditu dute hainbat aktibistek Alava Jeneralaren kalean, Carrefour dendaren parean. Minutu batzuk izan dira geldirik tranbia eta hiriko autobusak. Ertzaintza bertaratu da protestara, baina ez da arazorik sortu.
Arratsaldean, manifestazioa
Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria kolektiboak ohar bidez egin du mobilizaziorako deia, erasoa salatzearekin batera: "Irmoki salatzen dugu Israelgo okupazio indarrek nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako atzematea eta erasoa, nazioarteko itsas zuzenbidea urratu baitu". Hala, "inoizko hondamendi humanitariorik larriena" gertatzen ari dela adierazi dute.
Kolektiboak arratsalderako manifestazioak iragarri ditu. "Beharrezkoa da Global Sumud Flotillako ekintzaile eta tripulatzaile guztiak berehala askatzea", esan dute. Hain zuzen, Gasteizen, 19:00etan egingo dute manifestazioa, Bilbo plazatik.