Matauku herrian kale izen berriak jarri dituzte aurten. Urte luzez Calle Única izenaren pean bizi izan da, baina aspaldiko agirietan aurkitu dituzte Barrio Mendia bezalako izendapenak, eta, orain, Elena Martinez de Madinak argitaratutako Gasteizko Toponimia VII liburuko informazioan oinarrituta, bertako toponimia berreskuratzeko proiektu bat landu dute. Horri esker, herritar talde batek plakak paratu ditu: Elexaldea, Mendia, Iturrirabidea, Basorabidea eta Txozaldea bezalako izenak ikus daitezke orain. Ekimenaren antolatzaileek diote "momentuz" ekintza kulturala baino ez dela, izenak oraindik ez baitira ofizialak. "Toponimoak ez dira soilik iraganaren oihartzun bat, baizik eta tokiko historia eta kulturaren eramaileak, datozen belaunaldiei transmititu beharreko aberastasuna", aldarrikatu dute.
