Gaur goizean, Enviserreko langileek bideo baten bidez salatu dute Gasteizko Udalak kontratatutako traktore bat lanean hasi dela Olarizuko zelaietan. Alta, eguerdian gelditu behar izan ditu lanak udalak, lorezainen greban Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen artean ez dagoelako zelaiak segatzea.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek ohartarazi dutenez, udalak kontratatutako jarduera horiek legez kanpokotzat jo ditu lan ikuskaritzak, eta lanak berehala gelditzeko agindu du.
Sindikatuek salatu dute gertatutakoak berriz erakusten duela Gasteizko Udalaren "fede txarra", bost hilabete baino gehiago daramatzan lan gatazkan. Halaber, Enviserreko langileek gogorarazi dute greba mugagabea ez dela eten, eta ez dutela atzera egingo "soldata duinak bermatuko dituen hitzarmen propioa lortu arte".
Bestalde, ostiral honetan, San Martingo udal bulegoen aurrean agerraldia egingo dute langileek, lan gatazkaren inguruan azalpenak emateko.