Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako mezuek toki berezia izan dute aurtengo txupinazoan. Gasteizko jaien hasieran Palestinako banderaz betea egon da Andre Maria Zuriaren plaza, BDZ taldeak antolatutakoak batzuk, eta hiritarrek eramanak beste asko. Neska eta Blusen elkarteko ehun kidek Palestinako banderak zabaldu dituzte San Migeleko eskaileretan.
Gaurko eguneko protagonistak ere aipatu du Palestina. Genozidioarekin amaitzeko eskatu du Andre Maria Zuriko milaka pertsonen aurrean. Israelen aurkako boikotak eta CAFek lurralde okupatuetarako eraikitako trenak ere lekua izan dute plazan.
Palestina presente egon da plazan, "telebistako errealizadoreek ezin saihesteko moduan", nabarmendu dute BDZko kideek. Izan ere, EITBri leporatu diote, Gasteizko Udalarekin batera, Palestinarekiko elkartasun adierazpen oro saihestu nahi izana. Hala ere, "Gasteizko herriak erakutsi du gizatasun eza ezin dela normaltasunez onartu". Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazioa deitua du asteazkenerako, abuztuak 6, 19:30ean, Aldabetik abiatuta, Israel suntsitu lemapean.
