Milaka gasteiztarrek egin diote ongi etorria Zeledoni Andre Maria Zuriaren plazan. Lepo beteta egon dira plaza eta inguruko kaleak jaien hasiera gertutik bizitzeko. Giro alaia izan da nagusi, beroa, eta Zeledonek jaiez gozatzeko deia egin die gasteiztar guztiei.
Txupina botatzeko ardura izan dute erraldoi eta buruhandiek, Andre Maria Zuriko abade Blanca Aguillok eta Urrezko Zeledon saria jaso duten Begoña Divar, Satur Garcia eta Josebar Fiestrasek. Suziriak eztanda egin berritan Zeledon tirolinan hasi da dorretik jaisten, eta plazan agertu da Iñaki Kerejazu, aterkiarekin eta blusaz jantzita.
Kuadrillak lagunduta zeharkatu du jendez betetako plaza, eta hainbat aldarrikapen ikusi ahal izan dira bertan. Independentzia eta sozialismoaren aldeko aldarriak, bakoitza bere aldetik, eta Gasteizko lorezainen borrokaren aldekoak ere egon dira, lau hilabete baino gehiago daramatzatenean greban. Euskal Herriarentzako askatasuna eskatzen duten pankartak ere egon dira, eta baita euskal presoen aldekoak ere. Txiki eta Otaegiren argazkiek, Alaves futbol taldearen pankartek eta "Txosnak denontzat" aldarrikatzeko oihalek osatu dute plaza.
Zeledonen mezua
Andre Maria Zuriaren balkoira heltzean gasteiztar guztiei hitz egin die Iñaki Kerejazuk, bigarren urtea duenak Zeledon gorpuzten. "Gora Gasteiz, Gora Andra Mari Zuriaren jaiak, Gora Zeledon" oihukatuz hasi du hitzartzea, eta plaza osoak erantzun. Zeledonen abestia hasi eta milaka pertsonek kantatu dute aho batez. Aniztasuna goraipatuz hasi da Zeledon, Gasteiza ongi etorria eginez, "guztion Gasteizera". "Berdin du zure jatorria, ongi etorri Andre Maria Zuriaren jaietara".
Palestina ere izan du gogoan Kerejazuk. "Ezin dugu ahaztu munduko beste zonaldeetan gertatzen ari dena. Gelditu genozidioa Palestinan". Hiritarren aldetik ere Palestinako aldarriak pisu nabarmena izan du gaurkoan. Bai balkonadan, bai plazako jendearen artean eta baita plazako balkoietan ere, Palestinaren aldeko mezuak ikusi dira nonahi. Erasoen aurkako mezua ere zabaldu behar izan du Zeledonek, "zoritxarrez". Gasteiz espazio seguru izateko beharra aldarrikatu du, eta gogorarazi du ez dela inolako erasorik onartuko. "Ez badakizu egoten, ez etorri".
Falta diren guztiei maitasuna bidaliz amaitu du hitzartzea, begiak malkotan, eta zapia jarri die Maider Etxebarria alkateari eta balkoian zeuden beste hainbat pertsonari, tartean Sonia Diaz de Corcuera zinegotzia eta erraldoi eta buruhandien konpartsak. Gorka Ortiz de Urbinaren lekukoa hartuta, bigarren urtea du Iñaki Kerejazuk Zeledonen paperean, eta beste hiru gelditzen zaizkio oraindik. Abuztuaren 7an irtengo dira Zeledon Txiki eta Edurne.