Gasteizko Txosnek agerraldia egin dute gaur Arabako campusean. Jaiak hasteko hiru egunen faltan, txosnen muntaketa lanak hasi dituzte jada, eta aurtengo txosnagunearen nondik norakoak azaltzeko bildu dira. Jai gunea espazio segurua dela aldarrikatu dute, eta giro euskaldun, feminista, antirrazista eta antikapitalista sortzeko helburua nabarmendu dute.
Urtero banatzen den "txosnisaria" aipamena aurten txandalariei ematea erabaki dute txosnek, Gasteizko txosnetan txandak egiten aritu diren "milaka eta milaka pertsonei". Haien borondatezko lana goraipatu dute, eta gogorarazi dute txandak egiten dituen jenderik gabe txosnak ez liratekeela posible izango. "Zuei esker bete ditugu 45 urte, eta zuei esker bihurtu dira txosnak Gasteizko jaietako erreferentzia".
Borondatezko lana aipatuta, salatu dute irabazi asmorik gabeko elkarteak badira ere aldundiak enpresak balira bezala tratatzen dituela, eta Ticket Bai sistema ezartzera behartu dituztela. Aurten jarriko dute sistema txosnetan, baina borrokatzen jarraituko dutela iragarri dute, "salbuetsita gelditu arte".
Poliziaren bortizkeria ere aipatu dute agerraldian, eta kezka agertu dute "azkenaldian ikusi diren polizia indarkeria kasuengatik". Adierazi dute Gasteizko campusean ez dutela onartuko poliziaren indarkeriarik, eta arduraz jokatzeko deia egin diete instituzioei. Salatu dute "zenbait alderdi" poliziaren aldeko kanpaina betean daudela, eta poliziaren bortizkeria salatzen duen oro kriminalizatu nahi izatea leporatu diete.