2012an jarri zuen lehen aldiz txosna GEU elkarteak, eta Andre Maria Zuriaren jaietan euskarazko edukien erreferentzia bilakatu da Aihotz plaza, GEU elkartearen lanari esker, eta Gasteizko Udalaren eskaintzak lagunduta. Jaietan espazio bakarra da programazioa osotasunean euskaraz eskaintzen duena.
Eta eskaria badago, "argi eta garbi", Azaitz Unanue elkarteko kidearen esanetan, plaza beteta egoten baita askotan, eta "horrek erakusten du badagoela beharra". Xiberoots taldea izango da lehen kontzertu handia, abuztuaren 2an, eta oholtza beretik pasako dira hurrengo egunetan Gorka Urbizu, Izaki Gardenak edo Merina Gris, besteak beste. Egunero ikusi ahalko dira punta-puntako bertsolariak ere eguerdian kantuan, eta Udal Folklore Akademiako trikitilariek girotuko dituzte goizak Aihotz plazan.
Abuztuaren 2an zabalduko da GEUren txosna. Burulleria plazatik abiatuko da kalejira 19:30ean, eta Aihotz plazan bukatu, egitarauari hasiera emateko, urtero bezala, GEU saria banatuz. Aurten Arabako ALEAk jasoko du saria. "Ez dituzue alferrik bete hamar urte", esan digu Unanuek. Araba osorako euskaraz egiten den hedabide bakarra goraipatu nahi izan dute GEUtik, eta egindako lana eskertu. Ikuspuntu ezberdinetatik Gasteizen euskararen alde lan egin duten pertsona eta eragileak omentzeko aitzakia izan ohi da GEU saria. Besteak beste, Oihaneder Euskararen Etxeak, guraso elkarteek, Pako Eizagirrek edo auzo elkarteek osatutako zerrendara batu da aurten ALEA.
Txosnak GEUren lana ikusarazteko ere balio duela adierazi du Unanuek, normalean gerturatzen ez zaien jendea hurbiltzen baita jaietan txosnara, eta askorentzat sarbidea izaten omen da GEUk antolatutako ekintzetan murgiltzeko.
Borondatezko lana oinarri
Boluntarioen lana ere goraipatu du Unanuek. Txosna handia da GEUrena, eta 170 lagun inguruk hartzen dute parte txandetan, musu truk. "Gazteak etortzen dira, jende berria, edo mintzalagun taldeetan parte hartzen dutenak, euskarara hurbiltzen ari direnak...". Euskararekiko atxikimendua sortzen lehen pausoak GEUko txosnan eman dituzte askok. Finkoak ere badaude, urtero txanda pila betetzen duten kuadrillak, eta horiei ere egin diete aitortza elkartetik.
Jendeak gogotsu egiten omen ditu txandak. GEU erreferente bilakatu da Gasteizen, eta haiek ere pozik daude izandako bilakaerarekin eta egindako lanarekin. Euskalgintzako eragileek kontuan hartzen dutela dio Unanuek, eta beste hainbat eragile eta norbanako ere hurbiltzen dira haiengana, elkarlan bila edo laguntza eske. "Saiatzen gara laguntzen, baina exijitu ere egiten diogu jendeari. Bakoitzak bere lana egin behar du euskararen eskaintzan eta normalizazioan pausoak emateko"