Ania Saenz de Buruaga

"Jaiak gozatzen dituzten guztiei eman diet protagonismoa"

Juanma Gallego 2025eko abuztuaren 3a

Urteekin, estilo propioa garatu du ilustratzaileak. Argazkia: J. GALLEGO/ ALEA

Estilo propioa garatu du ilustratzaileak, eta aurten horrek isla izango du Gasteizko Jaiak iragartzeko kartelean. Gizartean den aniztasuna islatzen ahalegintzen da beti Saenz de Buruaga, eta oraingoan ere hala izan da.

Ania Saenz de Buruaga (Gasteiz, 1988) ilustratzaileak egin du Gasteizko jaien aurtengo kartela, baina beste proiektu andana ditu esku artean.

Nola hartu zenuen lehiaketa irabazi zenuelako albistea?

Kristoren poza izan zen. Iloba bilatzera nindoan, eta posta elektronikoa irakurtzean, pentsatu nuen ezin zela izan. Kostatu zitzaidan sinistea, pentsatzen nuelako proposamen polita zela, baina ez irabazteko modukoa.

Sariketan, aldatu dute kartela aukeratzeko modua. Nolakoa da orain prozesua?

Lehenik dosier bat bidali behar duzu, zure lanekin. Ondoren, bost finalista aukeratzen dituzte, eta horiei ziurtatzen diete 500 euro bederen kobratuko dutela. Gero, bost finalisten lanekin aukeratzen dute irabazlea. Prozesu mota hori oso egokia dela iruditzen zait: parte hartzaileak zaintzen ditu. Bestela, kobratuko ote duzun jakin gabe lan egin behar duzu.

"Niretzat garrantzitsua da aniztasuna irudikatzea"

Zer irudikatu nahi izan duzu kartelaren bitartez?

Hasieran zerbait oso originala egin nahi nuen. Baina jendez betetako kaleen irudia zetorkidan burura. Eta niretzat garrantzitsua da aniztasuna irudikatzea. Jaiak disfrutatzen dituzten guztiei protagonismoa eman nahi izan diet, ez soilik blusa eta neskei.

Zeledon eta dorrea hondoan agertzen dira, txiki-txiki...

Begira: justu joan den urtean Amaia Arrazolak egin zuen kartel bat non elementu mitiko guztiak agertzen ziren. Bada, nik aurten pentsatu dut jendea agertu behar zela, ezin zela errepikatu ideia berdina. 

Estilo aldetik, zure irudiek zerbait oso propioa dute. Ikusi eta pentsatu: "hau Aniarena da".

Bai. Jende askok identifikatzen ditu nire monigoteak. Egia esanda, saiatzen naiz ez egiten, bestelako teknika eta estiloak erabiltzen ditudalako ere. Baina aurten, jakitean finalista nintzela, nire burua proiektatzeko estilo hori ere erabili behar nuela pentsatu nuen.

'Ania' markaren adierazgarri bat dira, funtsean...

Tira, nik zertxobait gorroto ditut horiek! Badakit goxoak direla, eta funtzionatzen dutela, baina agian disfrutatzen dut gehiago bestelako gauzak egiten. Baina ulertzen dut hor badagoela nirekin identifikatzen den zerbait.

Gasteiz Euskararen Hirirako eta ALEArako ere egin dituzu irudiak. Zer duzu orain esku artean? 

Emakumeen etxean migratzaileentzako aholkularitza zerbitzuaren esku orri bat, adibidez, eta REAS sarerako ere beste lan bat prestatzen ari naiz. Duela gutxi, horma irudi txiki bat Errekaleorren, eta Asafes-ekin ere asko lan egiten dut.

Zerk eraman zintuen honetara?

Publizitate eta Harreman Publikoak karrera ikasi nuen, baina krisi handia izan nuen: behar ez dituzten gauzak erosteko jendea konbentzitzea ez nuen gustuko. Setem Hego Haizean boluntario hasi nintzen, eta krisia nolabait konpondu nuen, ikusi nuelako mundua aldatzeko komunikazioa erabili nezakeela.

Etorkizunari begira, zein asmo?

Ilustrazio lanak beti beste lan batekin batera egin ditut, horrek lasaitasuna ematen didalako, eta lanak aukeratzeko askatasuna ere ziurtatzen didalako. Esan beharra dago oso eskertuta nagoela sariagatik, baina gehien axola zaidana da urtean zehar hor zaudeten elkarte eta erakundeekin kolaboratzen jarraitu ahal izatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago