Urteetan lantzen eta fintzen joandako protokoloa da aurkeztutakoa, "ikaskuntza eta hausnarketa kolektiboaren emaitza", eta tresna irekia dela nabarmendu dute, tokian tokiko baldintzetara egokitzeko modukoa. Ez da soilik erasoari berehala erantzuteko tresna, azaldu dutenez, jaiguneak espazio eroso bilakatzeko tresnak ere eskaintzen ditu, eta nabarmendu dute protokoloa egoteak berak funtzio prebentiboa ere baduela.
Gogorarazi dute jaietan parte hartzen duten guztien ardura dela sexu erasoen aurkako jarduna, eta aipamen berezia egin diete gizon zisheteroei, "askotan erasotzaileak haien inguruan daudelako eta funtzio prebentiboa izan dezaketelako".
Eremu seguruak sortzea da helburua. Protokoloa lantzen aritu dira azken garaietan hirian zehar, izan txosnagunean eta herri mugimenduko eragileekin, erdiguneko taberna batzuekin edota GEU elkartearekin Aihotz plazako gunerako. Azaldu dutenez, protokoloa landu izanak bermeak ematen ditu ahalik eta eremu seguruena izateko, eta "ziurtatu behar du norbaitek eraso egin diotela sentituz gero babes sare bat izango duela".
Jaiek iraun bitartean 24 orduz aktibo egongo dira zenbait telefono zenbaki, jasotako edo ikusitako erasoak salatu ahal izateko. Mugimendu Feministak 747 414 834 telefonoa du martxan, eta ohartarazi dute erasoak publikoki salatzeko elkarretaratzeak deitzeko aukera dagoela. Lumagorri elkarteak Ikusgune behatokiaren LGTBI+fobiaren aurkako telefonoa eskaini du, kolektiboko kideen aurkako erasoak salatu ahal izateko, 24 orduz egongo da eskuragai 633 309 653 telefonoa. Gogorarazi dute LGTBI+ pertsonen aurkako eraso gehienak gaueko aisialdi espazioetan ematen direla.

Libre izan nonahi
Gasteizko Udalak ere hartu du eraso matxisten aurkako ardura, eta Puntu Morea martxan izango da jaietan zehar. Ana Lopez de Uralde Berdintasun zinegotziak aurkeztu du Libre izan nonahi kanpaina, eta hiritarrei dei egin diete "zero tolerantzia izatera errespeturik gabeko jarreren aurrean". Adierazi dute indarkeria matxistaren aurkako borroka gizon-emakumeen talde lana dela.
Posta eta Independentzia kaleen arteko bidegurutzean egongo da kokatua udalaren Puntu Morea, eta bertan banatuko dute informazioa indarkeria matxistaren prebentziorako eta erasoen aurrean nola jokatu azaltzeko. Abuztuaren 4tik 9ra egongo da zabalik, 18:00etatik goizeko ordubietara (4an 17:00etatik aurrera).