Jaiengatik urduritzen hasita harrapatu dugu Iñaki Kerejazu (Gasteiz, 1995), iazkoa gogoratuz eta aurtengorako prestatzen.
Nolako jaiak espero dituzu aurten? Bigarren txupinazoa izango duzu Zeledon modura.
Oraindik ez naiz oso kontziente heltzera doala. Banabil pixkanaka urduritzen, agertzen dira insomnioak eta horrelakoak.
Nolakoa izan zen iazkoa?
Oso intentsoa. Oso eskertuta nago, oso babestua egon nintzelako. Oso gustora ibili nintzen maite dudan jendearekin, haiekin elkarbanatu ahal izan nuen momentu hain polit hori. Gogotsu nago opari hau disfrutatzen jarraitzeko.
Momentu zailik izan duzu?
Kudeatzea mundu guztiak zurekin egon nahi duela, argazki bat atera zurekin... Momentu horiek, leku batera hamar minutuan heltzen saiatu, eta bi ordu izatea, ba... agian horiek dira zailenak, baina hein batean politak dira, jendeak bere maitasun guztia eskaintzen dizulako, eta benetan nahi dutelako zurekin geratu.
Zer da gehien gozatzen duzuna?
Agian atera baino lehen, edo juxtu ateratzeko momentu hori, sartuta zaudenean leku txiki horretan, eta hor barrutik entzuten den zarata... oilo ipurdia jartzen zaizu bakarrik pentsatzearekin. Sentitzen duzun indarra oso polita da. Txupinazoa izan zen gozamen bat, eztanda bat, nik uste ez dudala hainbesteko adrenalinarik sentitu inoiz.
Euskara sartu duzu zuk Zeledonen ahotan.
Egiten den guztia gutxi da. Gure hiriak aurrerapauso hori behar du. Ni euskalduna izateaz harro sentitzen naiz, gasteiztarra izateaz harro sentitzen naiz, eta uste dut badaukadala bozgorailu bat gure lekua hartzeko, ez bakarrik Gasteizen, baizik eta Euskal Herri mailan eta mundu mailan ere.
Berrikuntzarik ekarriko du zure Zeledon paperak? Egin ditzakezu berrikuntzak?
Hitzartzean zerbait ezberdina sartzea da nire ideia, urte bakoitzean kutsu berezi bat ematea, gustatuko litzaidake hori. Hitzartze hori prestatzeak kentzen dit loa, uste dudalako garrantzi handia daukala, esaten dudanak oihartzuna daukala. Eta uste dut nahiko gogor jokatzen dudala nire buruarekin. Ondo egin nahi dut, eta exijitzen diot nire buruari.
Jaietako beste protagonistek, blusa eta neskek, ados jarri gabe jarraitzen dute jaien atarian...
Oso zaila da, nahasten direlako gauza pertsonal asko. Baina iruditzen zait ez daukala zentzu askorik arazo honek. Are gehiago, uste dut blusa eta neska taldeetan dauden gazteek, alde batekoek zein bestekoek, orain sartu diren horiek, ez dakitela zer gertatu zen bere garaian. Modan daude blusa eta neskak, ikustekoa da zer nolako itxaron zerrendak dauden. Nire ustez denok jarri behar dugu gure partetik eta bultza egin berriro bat izateko, eta bereziki, aprobetxatzeko aurten hamar urte beteko dituen protokolo hori, hain beharrezkoa dena zoritxarrez. Aprobetxatzen dugunok ja landuta daukagulako, baina besteek ere, hutsunerik ez egoteko.
Txosnak ondare inmaterial izendatzeko eskatzen ari dira. Zer iruditzen?
Badira. Ez dakit zenbat txanda egongo diren Gasteizko txosnen baitan, ehunka... jendeak ezeren truke egiten du lan, agian kalimotxo baten truke txanda egin bitartean hartzeko. Beharrezkoa da gure txosnak babestea, azken urteetan bereziki hartu duten tamainarekin eta egitarauan egiten den apustuarekin. Babestea, zaintzea eta mundu guztiak argi edukitzea zergatik nahi ditugun babestu, eta zertarako dauden. Kolektibo batzuk sostengatzeko direla, eta herri mugimenduari laguntza bat egiteko. Lan handiarekin egiten direla, eta jende askoren izerdiarekin.