Arabako Artxiboak orain arte ezezaguna zen etxeko film bat argitaratu du gaur, 1976ko martxoaren 3ko gertaeren ondorengo Zeledonen jaitsiera jasotzen duena. Filmak, koloretan eta soinurik gabea, Andre Maria Zuriaren plazan abuztuaren 4an bizi izan zen giroa erakusten du.
Bertan, txupinazoa, Zeledonen jaitsiera eta Enrique Oribe nobilleroak, Jose Luis Isasi jatorrizko Zeledonen ordez egindako ibilbide polemikoa jasotzen dira. Halaber, San Migeleko balkoira, nahi bai, baina heltzerik izan ez zuen amnistiaren aldeko manifestazio baten irudiak ere agertzen dira. Filmak hurrengo eguneko pasarteak ere jasotzen ditu: Dato kalekoak, jendea zezenketara doala. Nahiz eta blusa taldeen aurkezpen kalejirarik egon ez, udal bandaren, erraldoien eta buruhandien kalejira egin zen.
Polizia armatuak Zaramagako San Frantziskoko parrokian bost langile hil izanak eragin zituen ondorioak bizi zituen Gasteizek, 1976an. Dolua erakusteko protesta gisa, blusa taldeek erabaki zuten jaietan ez parte hartzea. Tokiko agintariek, ordea, egitarau ofizialari eutsi zioten. Jose Luis Isasik, ordea, artean Zeledon, jaietan ez zuela parte hartuko iragarri zuen, eta Zeledonen egiteko, bere burua eskaini zuen Enrique Oribe nobilleroak, nola edo hala ohiko jaitsierari euste aldera.
Ikus-entzunezko dokumentu hori Arabako Etnografia Mintegiaren bildumakoa da. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak azpimarratu nahi izan du "garrantzitsua dela gure jaien historia garai hartako memoria sozialarekin lotzen duten dokumentuak berreskuratzea eta zabaltzea, gure iragan hurbila interpretatzen lagun diezaguten".
Esteka honetan dago ikusgai bideoa osorik: https://youtu.be/ITojfapMpbM