Gasteizko Udala epaituko dute txakurtegiko boluntarioei egindako sexu abusuen auzian

Erredakzioa 2025eko uztailaren 28a

2021ean Apasos-ek egindako elkarretaratzea. Argazkia: @apasosVG

Apasos elkarteak azaldu duenez, udala erantzule zibil subsidiario gisa epaitu behar dela ebatzi du Arabako Probintzia Auzitegiak.

Gasteizko Udala erantzule zibil subsidiario gisa epaituko dute Armentiako Animaliak Babesteko Zentroko boluntarioen sexu abusuen kasuan. Arabako Probintzia Auzitegiak auto judizial irmoan jaso duenez, "kontrakoak babesgabetasuna eragingo lieke salatzaileei". Apasos elkarteak eman du 2020ko uztaileko auziari buruzko ebazpen judizialaren berri.

Elkarte animalistak prentsa ohar batean ohartarazi duenez, "udala kasu honetan zuzenean inplikatzen duen auto judiziala" da eta "aukera berri bat da" Gasteizko Udalak elkartearekin duen harremanaren norabidea aldatzeko.

Biktimak, babesik gabe

Elkarteak azpimarratu du oso larria dela "udal bulegoetan udal langile baten aldetik sexu abusuak gertatu izana eta udala biktimen defentsan eta babesean inplikatu ez izana". Halaber, berretsi dute salaketa jarri zuten emakume boluntarioek ez dutela "inoiz" udalaren babesa jaso: "Ez lehen, EAJren alkatetzarekin, ez orain PSErekin".

Aitzitik, elkarteak gogorarazi duenez, salaketaren ondoren, "presioak, presidentearen aurkako salaketak eta txakurtegiko boluntariotzatik aldentzeko ahalegina" jasan zituen Apasos-ek, eta oso egoera konplikatuan lan egin behar izan dutela geroztik Armentiako animalien zentroan. "Oso zail jarri diguten arren, Apasos-ek animalien ongizatean lan egiten jarraitzen du arlo guztietan".

Maria Eugenia Suarez-Alba Apasos-en abokatuaren ustez, Arabako Probintzia Auzitegiaren auto judiziala "bidezkoa" da, eta nabarmendu du salatzaileek udalari eskatzen diotena dela "boluntariotzaren esparruan zigorrik ez jasotzea eta txakurtegian egiten duten lana aitortzea eta babestea".

Udal langile ohia, espetxean

Apasos elkarteak gogoratu duenez, Armentiako txakurtegiko boluntarioei sexu abusuak eta hertsapenak egiteagatik akusatutako udal langile ohia kartzelan dago egun bortxaketagatik, eta Apasos-ek bere kontra aurkeztutako salaketak bide judizialean jarraitzen du.

2018ko udaberri-udan, Armentiako udal txakurtegiko langile batengandik sexu abusuak, umiliazioak eta tratu iraingarriak salatu zituzten zazpi emakume boluntariok. Apasos elkarteak salatu zuen udal txakurtegiko arduradunek 2019ko irailean ezagutu zutela kasua, eta ez zutela ezer egin. Elkartearen arabera, gainera, udaleko arduradunek ez zuten Indarkeria Matxistaren aurkako Protokoloa aktibatu.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago