Gune hauetan 1945eko abuztuan Ameriketako Estatu Batuek Japonian eragindako sarraskia (210.000 hildako inguru) eta azken 80 urteetan izan den auzi nuklearraren nazioarteko ibilbidea aztertzen dira. Azalpenen ardatzak honakoak dira: bonbardaketa horien ikerketa, biktimen testigantzak, aztarna materialak, datu teknikoak, oroimen eskulturak, gertaerei buruzko artelanak, bakearen aldarrikapena eta arma nuklearrik gabeko mundu baten aldeko mezua. Oso beharrezkoak horiek guztiak, baina bi eremu faltan bota ditut, aurrekoak bezain garrantzitsuak Memoria Osoa eraikitzeko.
Alde batetik, gogoratu bonba nuklear horiek jaurti zituzten Ameriketako Estatu Batuek, sarraskia eragin eta gero, 28 arduradun militar eta politiko japoniar epaitu zituztela. Epaitegi berezi batekin izan zen, Japoniaren aurka Bigarren Mundu Gerran aritutako beste herrialde batzuekin batera (Australia, Kanada, Txina, Zeelanda Berria, Filipinak, Sobietar Batasuna eta Erresuma Batua) osatutakoa. 1931-1945 epealdian Japoniako inperioak Asian eragindako gerra krimenak epaitu zituzten honetan. Zazpi heriotza zigor eta hamasei biziarteko espetxealdi ezarri zituzten. Hortik aurrera, Japonia Amerikako Estatu Batuek okupatu eta erabat kontrolatu zuten, ofizialki 1952 urtera arte.
Beste alde batetik, eta aurrekoari lotuta, Japoniako inperioak 1945a baino lehen Asian (Txinan eta Korean bereziki) egindakoa ez da agertzen aipatutako memoria espazio ofizial hauetan. 1940an Hitler eta Mussolinirekin bat eginez sinatutako Roma-Berlin-Tokio akordioaren bidez, Bigarren Mundu Gerran non eta nola lerrokatu ziren nolabait azaltzeak testuingurua aberastuko luke, baita ere. Esan bezala, Japoniako iragan traumatiko horren diskurtso ofiziala fenomeno atmosferiko moduko "gerra batean" izandako bonba atomikoen sarraskira eta ondorioetara mugatzen dela dirudi.
"Bi errealitateen arteko baliabideen eta ikusgarritasun ofizialaren asimetria gaizki itxitako zaurien adierazlea da"
Sentipen horiek buruan eta oroimena hankamotz nuela, oso argigarria izan da Nagasaki Museum for Human Rights and Peace gunea ezagutzea. Memoria deseroso hori lantzen du, askoz baliabide gutxiagorekin, herrikoiago eta xumeagoa. Nagasakiko kale txikien artean bilatu eta aurkitu behar duzu. Japoniar inperioak eragindako Giza Eskubideen urraketak azaltzen ditu (sarraskiak, kontzentrazio eremuak, bortxazko lanak, emakumeen esklabutza sexuala...), biktimek eta euren ondorengoek eraikitako proiektua.
Argazkia osatzeko ezinbesteko ikuspegia da, guztiz egokia eta bateragarria dena gune ofizialetan kontatzen denarekin. Bi eremuak banatzea (Japoniak eragindakoa eta pairatutakoa) eta leku ezberdinetan kokatzea ala ez eztabaidagarria da, baina bi errealitateen arteko baliabideen eta ikusgarritasun ofizialaren asimetria gaizki itxitako zaurien adierazlea da. Nahiz eta iragana estaltzen saiatu, isiltasun horren garrasia oraindik entzuten delako Japonian.
Memoria Osoak ez du barkatzen.
Lander Garcia, memoria aktibista.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.