Poliziaren indarkeria salatu du Mugimendu Sozialistak

Erredakzioa 2025eko uztailaren 24a

Errepresioaren aurkako mobilizazioa deitu dute arratsaldeko 18:00etarako. Argazkia: ALEA

"Giro lasaian" zegoen kanpalekua indarkeriaz hustu izana leporatu diote poliziari. Etxebarria alkateak eta EAJ, PSE eta PP alderdiek kanpaldi "biolento eta antidemokratikoa" gaitzetsi dute.

Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin dute Andre Maria Zuriaren plazan, atzoko kanpalekua hustean poliziak eragindako errepresioa salatzeko. "Giro lasaian egiten ari ginen ekimen baten aurka kargatu zuen poliziak", adierazi dute bozeramaileek. Poliziaren indarkeria gaitzesteko mobilizazioa deitu dute gaurko, 18:00etan Andre Maria Zuriaren plazan.

Gezurtatu egin dute objektu jaurtiketarik egon izana, eta poliziari leporatu diote segurtasun arazoak sortu izana. Lau atxilotu, hamaika identifikatu eta hamarnaka zauritu izan zirela salatu dute, eta tartean kazetari bat ere kolpatu zutela. Atxilotuak askatu dituzte jadanik.

Maider Etxebarria alkateak bere "gaitzespen erabatekoa" erakutsi dio atzoko kanpaldiari, eta eskerrak eman dizkie Ertzaintza eta Udaltzaingoari egindako lanagatik. Zazpi polizia zauritu zirela jakinarazi du udalak, sei ertzain eta udaltzain bat. Etxebarriak adierazi du alkate gisa ezin duela onartu "espazio publikoa atzo bezala okupatzea, indarrez eta baimenik eskatu gabe", eta hala gertatzekotan poliziak esku hartu behar duela. "Batzuek oraindik uste kalea haiena dela, eta guztiona da".

EAJ, PSE eta PPk irakurketa bateratua sinatu dute, esanez GKS eta Etxebizitza Sindikatuaren kanpalekua "biolentoa eta antidemokratikoa" izan zela. Ertzain eta udaltzainen aurka indarkeria erabili izana leporatu diete plazan bildutakoei. Elkarrekin eta EH Bildu udal taldeek ez dute agiria sinatu.

Cesar Fernandez de Landa Segurtasun zinegotziak adierazi du "irain onartezinak" jaso zituztela poliziek, eta kanpaldia elkarbizitza demokratikoaren aurkako erasoa izan zela.

"Ez dira kasu isolatuak"

Mugimendu Sozialistatik adierazi dute poliziaren jarrera bortitza ohiko jarduna dela, eta "autoritarismoaren eta erreakzioaren" sendotze garaiarekin lotu dute atzokoa. Etxarri Gaztetxearen desalojoan larri zauritutako gaztearen kasua gogorarazi dute, eta baita larunbatean Azpeitian poliziak gazteen aurka egindako oldarraldia ere, errotulagailu batekin "ACAB" margoketa bat egiteagatik gazte bat zigortzean sortutako istiluei erreferentzia eginez.

Bestalde, GKS eta Etxebizitza Sindikatuak txosnetan egoteko eskubidea dutela aldarrikatu dute, eta elkarrizketak abiatzeko deia luzatu diote Txosna Batzordeari, konponbidea bilatzeko "prestutasun osoa" dutela esanez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago