Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatuak kanpalekua jarri dute Andre Maria Zuriaren plazan gaur arratsaldean, Gasteizko Txosnetan parte hartu ezin izanagatik protestan. Poliziak kanpaldian zeudenak inguratu ditu, eta azkenerako hustu egin du kanpalekua. Lau pertsona atxilotu dituztela jakinarazi dute Mugimendu Sozialistako eragileek. Beste hainbat kide atxiki dituzte poliziek, baina askatu egin dituzte azkenerako.
J Martinaren kontzertua izatekoa zen 20:30ean, baina Ertzaintzak eta Udaltzaingoak lehenago inguratu dute plaza, eta ez dute inor gehiago kanpalekura sartzen utzi. Talka ugari egon dira Mugimendu Sozialistako kideen eta poliziaren artean, eta 20:45ak aldera kanpaldian zeudenei oldartu zaie Polizia, eta hustu egin du gunea. Tentsio momentuak izan dira ondorenera ere, polizia lerroaren inguruan bilduta zeuden ehunka pertsonen eta poliziaren artean, jende asko baitzegoen plazan bilduta.
Gaia "isilpean" pasatu nahi izan dela salatu dute GKS eta Etxebizitza Sindikatuak, "gure kontrako bazterketa normalizatzeko", eta aldarria Andre Maria Zuriaren plazara eramateko hautua egin dute. Joan den astean iragarri zuten jaietan txosna izango dutela, txosnagune ofizialetik kanpo.