Arabako Foru Aldundiak antolatutako 2025eko Santiagoko Nekazaritza Azokak zerealari eskainiko dio aurtengo edizioa, Arabako nekazaritza, kultura eta ekonomia nortasunean errotuta dagoen laboreari. "Zereala landatzen dutenen, haziak aukeratzen dituztenen, tokiko barietateak berreskuratzen dituztenen eta baliabide hori kalitatezko elikagai bihurtzen dutenen lana aitortu nahi dugu", adierazi du Noemi Agirre Nekazaritza diputatuak.
Gasteizko campusean eginen da aurten ere azoka eta Arabako 35 ekoizle baino gehiagok parte hartuko dute, hogei elikagai mota baino gehiago eskainiz. Abeltzaintzako erakusketa ere izango da, baina mingain urdinaren gaitza gogor kolpatzen ari den honetan artzain gutxiagi izango dira.
Denetariko jarduerak
Slow Food Arabak toki nabarmena izango du nekazaritza azokan, eta hainbat jarduera hezitzaile antolatu ditu herritarrak zerealen mundura hurbiltzeko, tokiko ikuspegi jasangarri batetik eta komunitate ikuspegi batetik. Jarduerak jende guztiarentzat zabalik dagoen gune batean egingo dira, honako programarekin:
- 11:00etan, 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzako sukaldaritza tailerra. Ogi tostak prestatuko dituzte Arabako barazki kremarekin.
- 11:30ean, kimuei eta mikro landareei buruzko hitzaldia, Hurban Hydroponics-eko Alvaro Gonzalezekin.
- 12:00etan, zereal barietate zaharrak berreskuratzen dituzten Arabako nekazarien lana ikusarazteko solasaldia. Ramon Roa Salcedoko nekazari ekologikoa, Joseba Ibargurengoitia Hazien Sareko presidentea eta Roberto Ruiz de Arkaute Neikerreko adituarekin.
- 12:30ean, tokiko irinekin modu artisauan egindako ogien balioari buruzko jarduera eta ogien barietate desberdinen dastaketa. Artepan, Mendialdeko Ogia eta Basotik Valpuesta okindegiko kideak izango dira horretan.
- 13:15ean, garagardo lokalen dastaketa Basque Beer artisau garagardogileek Arabako zerealarekin ekoitziak.
Saria, Bionekazaritzari
Slow Food Arabak Santiagoko Nekazaritza Azokan egingo dituen jarduerei amaiera emateko, Slow Food 2025 Saria emango zaio Bionekazaritzari, Arabako Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteari, lurraldea, bertako pertsonak eta elikagaien etorkizuna indartzea helburu duten praktika ekologiko eta berritzaileak sustatu eta defendatzeko egindako lanagatik. Duela gutxi Arabako gari zaharrak berreskuratzeko Gariaraba proiektua martxan jarri zuten.