Upelen lasterketaren zortzigarren edizioa eta 1960ko hamarkadaz geroztik hiriko kale nagusiak hartzen dituen berakatzen azoka izango dira, berriro ere, Gasteizko Blusen eta Nesken Egunaren protagonistak. Ekitaldi tradizionalak nagusituko dira uztailaren 25ean.
Urtero bezala, Blusa eta Nesken Eguneko goiztiarrenak berakatz saltzaileak izango dira, 08:00etatik 00:00etara izango baitira zabalik berakatz azokako saltokiak. Aurten, ohiko tokian izango dira postuak, San Frantzisko aldapa eta Errege kaleen artean, hain zuzen ere. Hego Euskal Herria, Aragoi, Errioxa, Gaztela eta Leon eta Kantabriatik iritsitako saltzaileek 70 postu inguru jarriko dituzte salmenta ibiltariko aldizkako azoka ospetsuan.
Gainera, ohiko ekitaldiak izango dira Gasteizko jaien atarikoa izaten den ospakizunean. Goiz partean, lore eskaintza eta ohorezko aurreskua egingo zaie zendutako neskei eta blusei, Santa Isabel hilerrian, 10:00etan; eta ordu erdi beranduago hasiko da bigantxen ikuskizuna Iradier Arena plazan. 10:30ean zesta puntako lantegia ere antolatu dute, haurrentzat, Foru plazan.
Dagoeneko, Andre Maria Zuriaren jaien atariko ekitaldien artean erreferente bihurtu den ardo upelen lasterketak zortzigarren edizioa beteko du aurten. Jardunaldia 10:00etan hasiko da akreditazio banaketarekin, eta lasterketako taldeen desfilea egingo da segidan.
Tania Calvo
Tania Calvo txirrindulari olinpikoak emango dio hasiera VIII. Upel Lasterketari. Ibilbidea aurreko edizioetako bera izango da: Plaza Berritik irteera, Andre Maria Zuritik igaro, Mateo Morazatik igo, Agirre Lehendakarian bira egin eta hasierako puntura itzuliko dira. Bi blusa edo neska egongo dira upel bakoitza bultzatzen, eta guztira lau bira eman beharko dizkiote zirkuituari, txandaka. Iaz bezala, aurten kategoria misto bakarra egongo da, eta neskak zein blusak bertan lehiatuko dira.
Ibilbidean zehar, Gaztedi rugby taldeko boluntarioek upelak biraka eta kontrolatuta doazela ziurtatuko dute, eta Arabako Atletismo Federazioko boluntarioek denbora neurtu eta irabazleak zehaztuko dituzte. Irabazleek Dominio de Berzal upategiko 225 litroko upela jasoko dute. Sarien artean Arabako Errioxako ardoak, Arabako txakolina eta Arabako Errioxako esperientziak egongo dira, besteak beste.
Ondoren, 12:45ean, Foru Plazan, herri kiroletan lehiatuko dira blusa eta nesken kuadrillak; eta, bazkaldu eta gero, kalejira tradizionala egingo dute blusen eta nesken federazioak zein batzordeak. Hala, Nesken eta Blusen Elkarteen Federazioko kideak 16:30ean aterako dira joaneko kalejira egiteko Plaza Berritik, Dato eta Florida kaleetan barrena, eta Errioxa kaleraino. Blusen eta Nesken Batzordea osatzen duten kuadrillak, berriz, ordu erdi beranduxeago aterako dira, 17:00etan, eta ibilbide berdina egingo dute. Itzulerako kalejira 20:00etan egingo dute federaziokoek, Jesus Guridi kalean hasita, Independentzia kalean barrena, Errioxa kalea eta Dato kalean barrena. Batzordekoek 20:30ean hasiko dute kalejira.
Pilota partidak
Bestalde, Santiago Eguneko protagonisten artean emakumezko kirolariak sartu dira aurten ere; hain zuzen, pilotariak. Hala, 11:30ean, Emakumeen Esku Pilotaren IV. Masterraren finalerdiak jokatuko dira, Arabako Euskal Pilota Elkarteak antolatuta. Arratsaldean, berriz, 18:00etatik aurrera, Emakumeen palako IV. Masterraren finalerdiak izango dira. Bi saio hauek Foru plazako frontoian egingo dira, baina euria egiten badu Ogeta pilotalekura mugituko dituztela ohartarazi dute.
Halaber, urtero gisa, unibertsitateko campusa okupatuko du Santiagoko nekazal eta ganadu azokak, Arabako Diputazioak antolatuta. 10:00etatik 14:00ak arte, herrialde osoko ekoizleen eta erosleen arteko topalekua bilakatuko da EHUren campusa.