Arrazakeriaren aurkako elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Posta kalean, Gasteiz Antirrazista taldeak deituta. Murtziako Torre Pacheco herrian bizilagun arrazializatuek jasandako erasoak gaitzetsi dituzte bertan, eta Euskal Herrian emandako beste hainbat gertakari ere ekarri dituzte gogora, arrazakeria "egiturazko indarkeria" dela salatuz.
Ekainean Hernanin emandako jipoiak, Gasteizen Aranako errefuxiatuentzako harrera zentroaren aurkako mobilizazioak, Salburua auzoko polizia operazioa eta "egunero ematen diren arraza profilaren araberako geldialdiak" ez dira kasu isolatuak, adierazi dutenez.
Ultraeskuinak sustatzen duen arrazakeriaren aurrean antolatzeko deia egin dute antolatzaileek. "Ez da nahikoa arrazista ez izatearekin, antirrazistak izan behar dugu". Instituzioen erantzun eza, poliziaren permisibidadea eta tratamendu mediatiko konplizea salatu dituzte, eta ohartarazi dute arrazakeriaren igoerak eragin zuzena duela hainbat bizilagunen bizitzetan.