arana zentroa

Bidea errazteko eskaera egin diete auzokoei

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko uztailaren 18a

Salburuko gizarte etxean egin dute Arana zentroaren aurkezpena. Argazkia: ALEA

Errefuxiatuak artatzeko Arana zentroaren inguruan "lasaitasun mezu bat zabaltzeko" izan da Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria Salburuko bizilagunekin. Arrazoi ugari aipatuz, asmoaren kontrako ahotsak nagusitu dira auzokideen artean. Migranteen kontrako iritziak ere entzun dira.

Urakanaren begian dago Gasteizko Arana auzoko klinika zaharrean 2026. urte amaieran zabalduko duten errefuxiatuak jasotzeko zentroa. Asko jota 350 lagun jasoko dituela azaldu die Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak auzokideei. "Espainiako Gobernuaren ereduan txertatzen da zentroa. Kasu honetan ihes egiten ari diren pertsonak dira jasoko dituenak, gerrak, jazarpen ideologikoa, eta azken urteetan ere sexu orientazioagatik jazarrita dauden lagunak, hain zuzen". Argitu duenez, asiloa eskatzen duten pertsona gehienak, eta hortaz Aranan artatuko dituztenak, Venezuela, Kolonbia, Mali, Senegal eta Nikaraguatik datoz. "Konpromiso politiko, etiko eta morala dago pertsona horiei babesa eta duin bizitzeko aukera emateko", azpimarratu du, eta horien ibilbidea errazteko eskatu du.

"Aukera dugu argi uzteko gorrotoaren eta kriminalizazioaren diskurtsoaren aurrean konpromiso zibikoa eta demokratikoa dugula"

Bi mahai inguru antolatu dituzte azken asteetan Arana zein Salburua auzoetan etorkizuneko errefuxiatuen zentroaren inguruan Espainiako Gobernuaren ordezkariek azalpenak eman ditzaten, eta bizilagunei haien kezkak eta iritziak plazaratzeko aukera emateko asmoarekin. Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroaren kudeaketaz arduratuko diren CEAR Errefuxiatuari Laguntzeko Batzordeko Elena Valverdek eta ACCM elkarteko Miren Leizeagak ere parte hartu dute mahai inguruetan. Salburua, Arana, Aranbizkarra eta Santa Luciako auzo elkarteekin batera antolatu dira solasaldiak, nahiz eta, argi utzi dutenez, auzo elkarteak ez datozen bat Espainiako Gobernuaren ordezkarien ikuspuntuekin.

Salburuko gizarte etxean iragan uztailaren 6an egin zuten mahai inguruan 50 bat lagunek parte hartu zuten. Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendiaren azalpenaren ondoren hitz egin zuten gehienek zentroaren kokapena arbuiatu zuten argudio diferenteak erabiliz. 
Espainiako Gobernuak adostasunik gabe "inposatutako" zentroa dela atera zen. "Merezi dugu tokian-tokian erabaki ahal izatea nola egiten den harrera, eraikinekin egiten dena. Ez dadila izan Madrilgo jaun batek erabakitzen duena, hemen ehun edo hemen hirurehun. Harrera nola egiten den erabaki nahi dugu, adostasunez", esan zuen auzokide batek.

Halaber, klinika zaharra Gasteizko adinduentzako zentroa izan behar dela azpimarratu zuen adineko beste gizon batek: "Ez nago ados, eta etorri ez den eta botoa eman dizuen jende asko ez dago zuekin ados. %80ak zaharren egoitza bat nahi du", aurpergiratu zion Garmendiari.

"Merezi dugu tokian-tokian erabaki ahal izatea nola egiten den harrera, eraikinekin egiten dena"

Auzoetan dauden ikastetxeetan lekurik ez dagoela aipatu zuen aita batek, eta eskolak eta osasun zentroak "saturatzeko" arriskua dagoela ere aipatu zuten beste bizilagun batzuek. Eskola batzuk ghetto bilakatzen ari direla azaldu zuten, eta egoera hori are gehiago zailduko duela errefuxiatuen zentroak. Horren aurrean administrazioen arteko koordinazioa galdegin zuten. "Administrazioak ados jarriko al zarete? Nola koordinatuko zarete?", galdetu zuen emakume batek.

Migranteak delinkuentziarekin lotu nahi izan zituzten jarrera xenofoboak ere entzun ziren Salburuko mahai inguruan. Halere, beste aldean, proiektua "oso ondo" iruditzen zaiola esan zuen andre batek, eta Gasteiz hiriburu "oso itxia" dela deitoratu zuen, gogoratuz Ajuriako zaharren egoitza edo Besarkada Etxea zabaldu zirenean ere auzokideen kritika ugari egon zirela.

Giro ezkor horretan, Espainiako Gobernuaren ordezkariak "lasaitasun mezu bat" bidali nahi izan zuen, eta Gasteizek "gizarte politikan izan duen ibilbidea" eta pertsona ahulenen harreran duen "erreferentzialtasuna" txalotu zituen. "Aukera dugu argi uzteko gorrotoaren eta kriminalizazioaren diskurtsoaren aurrean oraindik konpromiso zibikoa eta demokratikoa dugula iheslariekin eta etorkinekin", azpimarratu zuen. Zentzu horretan, Garmendiak gogoratu zuen "arabarren %80 Araba ez diren beste herrialde batzuetatik" datozela.

Aldundiaren ardura

Puntuz puntu erantzun zituzten Garmendiak, Lizeagak eta Valverdek publikoaren aldetik egin zitzaizkien galderak. Adinekoen egoitzaren ordez harrera zentroa eraikiko dela kritikatzen duten herritarrentzat mezu argia utzi zuen Garmendiak: "Eskubide osoa duzue adinekoen zentro bat aldarrikatzeko. Baina Arabako aldundia da eskumena duena, eta zentro horretan zaharren egoitzarik egin nahi izan ez duena. Eraikinak hamar urte daramatza abandonatuta. Makila bakoitzak bere kandelari eutsi diezaiola. Euskal administrazioek ez dute ezer egin nahi izan. Aldarrikapen horiek ez dizkidazue niri egin behar", erantzun zuen, zorrotz.

"Horrelako makrogune batek ezin du 300 pertsonak merezi duten arreta eskaini, eta euskal ereduarekin talka egiten du"

Zentroaren tamainaren inguruan publikoak erakutsitako kezka ulergarria dela esan zuten CEAR elkarteko Valverdek eta ACCMeko Leizeagak, baina errefuxiatuen errealitateari aurre egiteko baliabide gehiago behar direla azpimarratu zuten, toki guztietan, baita Araban ere, eta gaur egun dauden ostatuekin ez dela nahikoa. Zenbaki batzuk eman zituzten: Euskadiko erkidegoan 1.300 asilo plaza daude, horietatik 236 Araban, eta Gasteizen 106. 
"Nik beldurrak ulertzen ditut, baina errealitateak esaten du baliabideekin, eta elkarrekin lan egiten badugu, esperientzia arrakastatsua izan daitekeela. Egia da 350 plaza direla, eta egia da ikastetxeetan segregazioa dagoela, baina zentro hau aukera bat ere izan daiteke auzoarentzat", erantzun zuen Leizegak. 

Bestalde, gizarte zerbitzuetan zentroak izan dezakeen inpaktuaren inguruan Garmendiak azpimarratu zuen administrazioen arteko kolaborazioa ezinbestekoa dela proiektua aurrera ateratzeko. "Elkarlanari eutsi beharko zaio nahitaez. Araneko errefuxiatuentzako harrera zentroaz gainera, etxebizitzak eraikitzen ari dira auzoan, beraz ikastetxeetan plaza nahikoak edukitzeko lan egin behar da, eta Osakidetzak ere badaki zer datorren", esan zuen. Egiten ari diren obrek inguru hori nabarmen hobetuko dutela azpimarratu zuen gainera, eta zerbitzuak hobetzeko aukera gehiago izango dela etorkizunera begira.

Errefuxiatuen integrazioan auzokideen konplizitatea beharrezkoa dela aipatu zuen Garmendiak aurkezpenean, eta auzoko agenteekin interrelazioa landuko dela, auzoko eskolan, osasun zentroan eta auzo elkartean. Aranak, batik bat, 18 eta 40 urte bitartean dituzten familiak eta norbanakoak hartuko dituela azaldu zuen. "Badute formazioa, ofizioa, ikasketak, lan baimenak, eta printzipioz ez dute osasun eta integrazio arazorik. Gehienak latinoak dira, beraz hizkuntza arazorik ez dute izango".

Garmendiak gaineratu zuenez, Gasteiz ez da mota horretako zentro bat jasotzen duen lehen hiria, "eta ez da azkena izango". Gogoratu zuen bi mila biztanle dituen Langraiz Okan 60 errefuxiatu artatzen dituen harrera zentro bat dagoela, eta ez duela inolako arazorik sortu herriko elkarbizitzan.

Eredua zalantzan jarri dute

Salburuko gizarte etxean egindako mahai inguruan islatu zen ezinegona atzetik dator. 2023an proiektua ezagutarazi zutenetik Zazpigarren Alaba-Babestu Araba elkarteak lideratu ditu auzokideen protestak, eta Arana klinika zaharra adinduentzako erresidentzia bilakatzeko aldarrikapena egin du behin baino gehiagotan, Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroarekin kontrajarriz. Elkartearen aburuz, gainera Espainiako Gobernuaren asmoak eredu desegoki bat jarraitzen du, eta "errefuxiatuentzako makrozentro" bat bezala definitu dute. Ehunka lagun bildu dituzten elkarretaratzeak antolatu dituzte azken hilabeteetan.

"Egia da 350 plaza direla, eta egia da ikastetxeetan segregazioa dagoela, baina zentro hau aukera bat ere izan daiteke auzoarentzat"

Maila politikoan ere kritika andana jaso du Espainiako Gobernuaren proiektuak. "Euskal harrera ereduarekin" talka egiten duen proiektua dela azpimarratu du EAJk hasieratik, eta zentroaren ezaugarriak berriz azter ditzala eskatu dute Espainiako Senatuan. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak zentroaren "eraikuntza geldiaraztea" ere eskatu du. "Horrelako makrogune batek ezin du 300 pertsonak merezi duten arreta eskaini, eta euskal harrera eta asilo ereduarekin talka egiten du", defendatu du.

EH Bildu ere kritiko agertu da proiektuarekin, ez diolako erantzuten "sektoreko elkarteek defendatzen duten arreta deszentralizatu, komunitario eta hurbileko ereduari, ezta EH Bilduren ereduari ere". Koalizioak uste du lowcost eredu bati erantzuten diola Araneko zentroak, "adabakiak jartzeari".

Bestetik, Araneko Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroa gelditzeko sinadura bilketa egiten ari da PP, eta dagoeneko 8.000 jaso dituztela iragarri dute. PPk berriro aurkeztu nahi du joan den irailean Arabako Batzar Nagusietan errefuxiatuen zentroa geldiarazteko baztertu zen mozioa. "Berriro eskatzen dugu proiektua berehala geldiarazteko, neurriz kanpoko tamainagatik, harrera eredu desegokiagatik eta gizarte zerbitzuei eragingo dien presioagatik". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago