Jaien atarian, presoak etxeratzeko aldarrikapenarekin bat egiteko deia egin du Sarek

Erredakzioa 2025eko uztailaren 18a

Goizean izan da Sareren agerraldia San Migelgo balkoian. Argazkia: SARE

Santiago Egunean blusa eta neskekin batera egingo dute ohiko ekitaldia, Foru Plazan. Abuztuaren 5ean, berriz, Etxera Eguna antolatu du Sarek eta manifestazioa egingo dute 20:30ean.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea aldarri izango du Sarek hurrengo Santiago Egunean eta Gasteizko Jaietan. Goizean agerraldia egin dute San Migelgo balkoian Sareko kideek, eta bertan iragarri dute errepresaliatuen etxeratzearen aldeko aldarrikapena zabaldu nahi dutela hurrengo egunetan.

"Zinez pentsatzen dugu badela garaia. Bada garaia Etxera errebindikazio bat izatetik denon lorpena izatera pasatzeko. Aurrera pauso bat denok pozik sentiaraziko gaituena, denok irabazle egingo gaituena. Bai, denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean; irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean; ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean", esan dute.

Hartara, Santiago Egunean eta Gasteizko jaietako abuztuaren 5ean hainbat ekimen antolatu dituzte. Uztailaren 25ean, euskal presoen senitartekoekin eta blusa eta neskekin batera errepresaliatuk etxeratzeko garaia dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute, 12:00etan, Foru plazan.

Abuztuaren 5ean, berriz, Etxera Eguna antolatu du Sarek, "egun osoko egitarau batekin: bazkari herrikoia, material salmenta eta urtero bezala Andre Maria Zuriaren plazatik 20:30ean abiatuko den Etxera kalejira, txosnagunean bertan ekitaldi batekin amaituko dena". Bestalde, hurrengo egunetan jakinaraziko dute Etxera karpan jaietan egongo den egitaraua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago