25 barrakak beteko dute aurten Mendizabala

Erredakzioa 2025eko uztailaren 18a

Hasi dira jada barrakak prestatzen Mendizabalean. Argazkia: Gasteizko Udala

Uztailaren 24tik aurrera egongo dira zabalik. Uztailaren 28an eta abuztuaren 6 eta 10ean, prezio herrikoiak izango dituzte. Soinu gabeko arratsaldeak izango dira uztailaren 26 eta abuztuaren 2an.

Aurten 25 barraka izango dira Mendizabalean, Andre Maria Zuriaren jaietarako. Jada hasi dira prestaketa lanetan, datorren astean zabalduko baititu ateak barraka guneak, uztailaren 24an. Berritasun gisa, azaldu dute ur lasterrak dituen errusiar mendi bat egongo dela.

Haurrei zuzendutako hamalau atrakzio izango dira aurten. Esaterako, ohe elastikoak, noria, Jump Stick edo Jumping jolasak. Eta helduentzako izango dira beste 11 atrakzio, hala nola, matxinsaltoa, Rocket, Olla, Dragoia edo Autotxokeak. 17:00etatik aurrera egongo da zabalik eremua, eta abuztuaren 6an goizez ere bai, 12:00etatik 15:00etara, prezio herrikoiekin.

Bestalde, ostalaritzako postuak eta jolas tradizionaletako gune bat ere izango dira Mendizabalean. Hamasei janari eta edari postu jarriko dituzte, eta beste hamasei joko postu, izan bingoak, tonbolak edo tiro postuak. Rossi Show Time zirkoa ere izango da gunean, uztailaren 23tik abuztuaren 10a arte.

Prezio herrikoiak eta zarata gabeko ordutegiak

Autismoa duten pertsonentzako jasangarria egiteko asmoz, bi egunez soinurik gabeko eremua izango dira barrakak. Uztailaren 26an eta abuztuaren 2an, larunbatak biak, 17:00etatik 20:00etara zaratarik gabe gozatu ahal izango da atrakzioez.

Hiru egunez beherapen bereziak izango dituzte atrakzioek, irisgarriago izateko. Uztailaren 28an, arratsaldez, abuztuaren 6an goizez eta abuztuaren 10ean arratsaldez izango dituzte prezio herrikoiak barrakek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago