Gasteizko txupinazoak kontrolerako 11 sarrera izango ditu

Erredakzioa 2025eko uztailaren 18a

Arduradun politiko eta polizialek jaien aurreko koordinazio bilera egin dute. Argazkia: IREKIA

Salaketak jasotzeko, Olagibel kaleko Ertzaintzaren komisaria eta Jose Erbina kalean dagoen Udaltzaingoaren komisaria irekita egongo dira.

Iazko edizioetan bezala, Gasteizko jaien txupinazoa beirarik gabekoa izango da, eta, hori bermatu aldera, Andre Maria Zuriaren plazako sarbideetan 11 kontrol jarriko dituztela iragarri dute udalak eta Jaurlaritzak.

Herritarrek salaketak jartzeko bi leku egongo dira erdigunean: Ertzaintzaren Olagibel kaleko komisaria 07:30etatik 21:30etara zabalik egongo da. Udaltzaingoaren kasuan, Jose Erbina kaleko komisariak abuztuaren 4ko 14:00etatik abuztuaren 10eko 14:00etara etenik gabe arreta emango du.

Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak urtero egin ohi duten jaietarako segurtasun dispositibo bateratu bat koordinatzeko bileraren ostean zabaldu dituzte azalpenak.

Operatiboa abuztuaren 3ko arratsaldean hasiko da, Foruen plazan egingo den lehen kontzertu jendetsuan. Besteak beste, Zeledonen jaitsieran, Egunsentiko Arrosarioetan, Farolen Prozesioetan eta Zeledon Txikiaren eta Neska Txikiaren jaitsieretan jarriko dute arreta berezia.

Aurreratu dutenez, bi poliziek elkarlanean jardungo dute bereziki bi delitu mota prebenitzeko: lapurretak eta sexu askatasunaren aurkako delituak. Aurreratu dutenez, sexu indarkeriaren kasuan patruilak egingo dituzte "arrisku subjektibo eta objektibo handieneko lekuetan eta orduetan", hedabideei helarazitako informazioan horien inguruko xehetasun gehiagoan sartu ez badira ere. Bai aurreratu dute "arreta berezia" jarriko dutela "etxera itzultzeko orduetan eta auzo periferikoetarako ohiko ibilbideetan".

Ohi bezala, koordinazioa indartu aldera, patruila bateratuekin jarraituko dute, eta bi polizien arteko komunikazio kanala mantenduko dute. Orain iragarri dutenez, bi neurriok indarrean dira auzoetako jai denboraldia hasi zenetik.

Gogoratu dutenez, iaz jaietan 544 delitu erregistratu zituzten. Gehien gehienak —470— ondarearen aurkakoak izan ziren: batez ere telefono mugikorren eta diru zorroen lapurretak. Bestalde, 25 pertsona atxilotu zituzten eta 33 pertsona ikertu zituzten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago