Urtebetetze festa dute Izaskun Arrue Kulturgunean. Joan den uztailean ireki zituen ateak Errementari kaleko jauregiak, espero baino oztopo gehiagoren ostean, baina euskalgintzaren esfortzu handiari esker, eta poliki-poliki Oihaneder Euskararen Etxeak utzitako hutsunea betetzen ari da euskara eta kultura uztartzen dituen gunea. Atzean utzitako urtea espazio berrira egokitzekoa izan dela gogoratu dute Raul Urkiza eta Uxue Ruiz de Arkaute kultura teknikariek, eta egitasmoa errotu eta hazten jarraitzekoa izango da hemendik aurrerakoa.
Hitzaldi, erakusketa, antzerki eta tailer artean, dozenaka jarduera izan dira askotariko gustu eta publikoari begira. Kontzertuak izan ohi dira jendetsuenak, baina oso pozik daude jarduera txikiagoek izan duten jarraipenarekin ere. Janus Lesterrek 200 bat lagun elkartu zituen, esaterako, eta Kantalab abesbatza tailerrean 30 bat lagunek parte hartu zuten hainbat larunbatez. Gernikak. Begiradak erakusketa eta horren inguruan antolatutako jarduerak izan dira, baita ere, jende gehien erakarri dituztenen artean. "Ikusi dugu hitzaldiak bere horretan antolatu ditugunean ez dutela oso ondo funtzionatu, baina, aldiz, erakusketa baten osagarri edo proiekzioren baten aurretik izan direnean beste erantzun bat izan dela, horregatik hasi gara beste modu horretan lantzen", nabarmendu du Ruiz de Arkautek. Eta, formula berriak probatu bitartean, elkarlan sarea handitzen doa, Oihanederren zegoen sarea berreskuratu eta zabalduz. Besteak beste, Aitzina Folk, Komedialdia, Magialdia, Poetak Maiatzean eta Zurrunbilo jaialdietako hainbat saio izan dira dagoeneko, eta Bernaola jaialdia edota Afrikaldia ere batuko zaizkie laster.

Osagai horiekin guztiekin prestatu dute irailetik aurrera eskainiko duten programazioa ere. Markos Gimenoren palindromoetan oinarritutako Tximeletrak erakusketa izango da ekitaldi nagusietako bat, Joseba Sarrionandiak gidatuko duen saio batekin, eta musikarik ez da faltako Mursego, Anari, Xabi Solano eta Jurgi Ekiza musikariak edota Kokeinen 25 urteko kontzertu bereziarekin. "Ziurrenik, Kokeinena izango da kontzertu nagusiena. Azken diskoa aurkeztuko dute, Bidea da helmuga, eta ondoan bertan parte hartu duten kolaboratzaile guztiak izango dira: Miren Narbaiza, Nakar, Zea Mays...". Iazko narratiba tailerraren ostean, poesia idazketa lantegia izango da aurten Manu Lopez Gasenirekin, eta Euskaldunentzako Jabetze Eskolak ere jarraipena izango du hurrengo ikasturtean. Sortzaileen erakusleiho izatearekin batera, beharrezko bultzada ere eman nahi diote sorkuntza lanari IAKtik, eta horretarako hainbat deialdi izaten dituzte urtean zehar; oraintxe bertan, hilaren 31ra bitartean, Muina deialdiaren bitartez diziplina desberdinetako kultura jardueren proposamenak jasoko dituzte.
"Kalitatean irabaztea izango da erronka orain Izaskun Arrue Kulturgunean"
Uxue Ruiz de Arkaute
Kalitatezko programazioaren aldeko apustuarekin, "erreferentzialtasuna irabazi" eta hiri mailan egonkortzeko helburua dute. "Lehen urtean hemen egoten ikasi dugu, eta kalitatean irabaztea da erronka orain, horrekin batera hiri mailako engranajean eta euskalgintzaren engranajean sartuz", azpimarratu du Ruiz de Arkautek.
Programazioa prestatzearekin batera, aurrekontuak baldintzatuta emango dituzte hurrengo pausoak ere, Luis Garcia kideak gogoratu duenez. Lazarraga kultur elkarteak bost urteko epean 112.817 euroko zorra ordaintzea adostu zuten iaz, eta apurka ari dira hori itzultzen. Horretarako, aurrerantzean ere, ezinbestekoa izango da bazkideen babesa. "Egoera honetan ez bageunde ere, bazkiden babesa beharrezkoa da beti; babes ekonomikoa baino gehiago, atxikimenduagatik; garrantzitsua da kudeatzen ari garen proiektu honek atzean babesa duela sentitzea".
Ikasturte berriari heldu aurretik, ordea, aste honetan ospakizunetan dira IAKn. Ostiralean, uztailaren 18an, programazio berezia prestatu dute. 20:00etan hasita, Bingoz Bingo ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, Yogurinha Borova eta Aurori Badiolarekin, bingoa eta kantak batuko dituen saioa, eta DJ saioa izango da ostean Iban Zalduarekin. Udako jarduera gutxi batzuen ostean, abuztuko etenaren ostean, irailean bueltatuko da IAK indarberrituta.