Zortzi bikote lehiatuko dira Gasteizko jaietako pilota txapelketan

Erredakzioa 2025eko uztailaren 16a

Lehen mailako pilotariak arituko dira Gasteizko jaietan lehian. Argazkia: Gasteizko Udala

Ogeta pilotalekuan jokatuko da abuztuaren 5etik 8ra 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietako pilota txapelketa. Bi sailetan banatuko da aurten lehia, eta abuztuaren 8an izango dira finalak.

Gasteizko jaietako pilota txapelketa aurkeztu du udalak. Abuztuaren 5etik 8ra jokatuko dira aurten partidak, Ogeta pilotalekuan. Lehen aldiz, bi sailetan banatu dute lehiaketa, A eta B serieak banatuta. Guztira zortzi bikote arituko dira lehian, eta abuztuaren 8ko finaletan erabakiko dira txapeldunak, 21.15ean hasita.

Finalerdiak abuztuaren 5 eta 6an jokatuko dira, arratsaldez. Hau da udalak antolatutako lehen pilota profesional ekitaldia aurten, baina beste lau ere bultzatuko ditu urtean zehar. Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak aurkeztu du ekimena, eta berarekin batera egon ziren Baiko eta Aspe pilota enpresetako arduradunak, Caixabankeko ordezkari bat eta txapelketa jokatuko duten pilotariak. "Kirol horretako figura nagusiak" elkartuko direla adierazi du Lopez de Uraldek.

Abuztuaren 5ean, asteartez, bi partida jokatuko dira, 17:45ean hasita. B seriean, Zubizarreta III-Eskiroz eta Alberdi II-Aranguren bikoteen arteko norgehiagoka, eta jarraian A seriekoa, Artola-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena II bikoteen artean.

Abuztuaren 6an, berriz, asteazkenean, 17:30ean hasiko dira partidak. B serian Dario-Eskuza eta Murua-Tolosa bikoteak lehiatuko dira, eta ondoren A serieko Altuna III-Rezusta eta Zabala-Zabaleta bikoteak. Abuztuaren 8ko finalean aterako dira txapeldunak, 21.15ean hasiko den ikuskizunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago