Bosgarren urtez Gasteizko Txosnetatik kanpo utzi dituztela salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, gaur goizean Letren Fakultateko sarreran egin duten agerraldian. Eta, "betoa salatzeko", baimenik gabe hantxe bertan txosna bat jarriko dutela iragarri dute.
Aurten zenbait eragilek irtenbiderako saiakerak bultzatu dituztela nabarmendu dute, baina Ezker Abertzaleak "berriro ere egoera blokeatu" duela salatu. Leporatu diote Mugimendu Sozialista kanpoan uzteko dituen "interes politiko partikularrengatik" egiten duela, Gasteizko txosnek "historikoki izan duten izaera pluralaren gainetik".
Haien hitzetan, Mugimendu Sozialistako eragileek txosnagunean lekua izateko eskubidearen aldarriak "babes zabala" du, eta horren adibide gisa ekainean egindako manifestazio jendetsua gogora ekarri dute. Horrenbestez, egoera hau "publikoki salatzen" jarraituko dutela adierazi dute.
Haien parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeko zenbait ekimen egingo dituztela iragarri dute, eta aurreko urteetan egin bezala, Gasteizko jaietan, Letretako Fakultatean txosna bat jarriko dutela aurreratu dute, "baimenik izan ez arren". Gonbita luzatu dute haiekin batera abuztuaren 4an txosnaren muntaketan parte hartzera. "Protestarako baliatuko" duten egitarau honetan Kiliki, J Martina, Mutiko, Malakias MX3, Rodeo, Mirotz, Zero eta beste hainbat talde izango direla iragarri dute.