Datorren irailaren 13an omenduko da Gastehiz hitzaren milurtekoa, Gastehiz herritik euskararen hirira ekimenarekin. Donemiliagako Goldea dokumentuan agertu zenetik mila urte pasa direla ospatzeko egun osoko egitaraua antolatu dute euskalgintzako eragileek. Jaia osatzeko, deialdi irekia egin dute orain, elkarte, norbanako edo enpresek postuak jarri ditzaten, jana eta edana saltzeko.
Postu enogastronomiko kopurua, baina, mugatua izango da, eta izen emateko galdetegia zabaldu dute proposamenak jasotzeko. Abuztuaren 1a arte izango dute entitateek haien postuak aurkezteko, eta gerora baloratu eta emango zaie erantzuna jasotako eskaerei. Antolakuntzako kideak arduratuko dira postua bera eta argindarra jartzeaz, baina hainbat baldintza aipatu dituzte antolatzaileek, hautagaien lehentasuna ebazteko.
Ezinbesteko baldintza izango da zerbitzariak gai izatea publikoari arreta euskaraz egiteko. Bestalde, postua jartzeko orduan lehentasuna izango dute euskalgintza eta kulturgintzako elkarteek, eta irabazi asmorik gabeko elkarteek.
Gainera, beste hainbat ezaugarri ere baloratuko dira, hala nola, genero aldetik oreka izatea eta Bai Euskarari ziurtagiria izatea. Entitate arabarra izateak ere puntuak emango ditu, eta baita bertako produktuak saltzeak ere.