'Euskararen hariari' helduko dio aurtengo Gasteiz Euskararen Hiriak

Erredakzioa 2025ko eka. 24a, 11:18

Maria Nanclares, Maider Uriarte eta Uxue Alonso, goizeko aurkezpen ekitaldian. Argazkia: GEU ELKARTEA

Mila urte dira 'Gastehiz' izena dokumentu batean agertu zenetik, eta hori ospatuko dute irailaren 13ko jaialdian.

Bigarren urtez, euskarak Gasteizen duen lekua eta garrantzia ikusarazi nahi dute talde euskaltzaleek, eta horretarako Gasteiz Euskararen Hiria festa eta aldarrikapen eguna antolatu dute irailaren 13an. "Euskara ez da soilik hizkuntza bat; gure hiriaren nortasunaren eta bizikidetzaren parte da, eta hori aldarrikatzeko eta partekatzeko unea da", nabarmendu dute jaia aurkezteko agerraldian izan diren Maria Nanclares Euskara zinegotziak, Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak eta Uxue Alonso Geu Elkarteko koordinatzaileak.

Egunerokoan euskarak gero eta presentzia gehiago duela gogoratu dute; kalean, lanean, aisialdian edo kulturan. Eta euskararen inguruan profil askotariko pertsonak batzen direla: adin, jatorri eta interes ezberdinak dituztenak. "Aniztasun hori da aurreko edizioan irudikatu nahi genuen aberastasunetako bat. Aurten ere, aniztasun horretan, komunitatean, oinarritzen da Euskararen Hiria proiektua. Ez da pertsona gutxi batzuen ekimena, baizik eta auzolana, denon artean eraikitako eta denontzat pentsatutako proiektua".

Komunitate indartsua osatzeko, egunerokoan hainbat eragilek lan handia egiten dutela gogoratu dute, eta egindako lan kolektibo hori nabarmendu nahi dute. "Eskertzearekin batera, mahai gainean jarri nahi dugu hau ez dela joera berri bat: Gasteizek betidanik izan du euskararekin atxikimendua. Euskara izan da gure haria, gure lotura eta gure historia".

Izan ere, aurten mila urte bete dira Donemiliaga Kukulan Gasteiz izena dokumentu batean lehen aldiz agertu zenetik, Gastehiz forma hartuta, eta testigantza horrek erakusten du orain dela milurte bat ere Gasteiz herri euskalduna zela. "Horregatik, ezinbestekoa da gasteiztarrok —euskaldunak izan ala ez— jabetzea euskara denona dela. Euskara gasteiztar guztion parte da, eta guztion artean josi behar dugun haria". 

Ospakizun horri helduta,  irailaren 13an "proiektuaren parte" izatera gonbidatu dituzte gasteiztarrak: "Gure hizkuntzaren iragana, oraina eta etorkizuna elkarrekin ospatzeko. Gastehiz herritik, euskararen hirira. Lotzen gaituen haria". Jaialdia 11:00etan hasiko da, eta jende guztiari zuzendutako kirol eta aisialdi jarduerak izango ditu. Aurrerago iragarriko dituzten proposamenen artean, kontzertu akustikoak eta drag showak izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago