Gure haurrak ere badira ekimenak dohaintza ekonomikoa egin du Palestinaren alde. Palestinar iheslariei laguntzeko Nazio Batuen UNRWA Euskadi elkartearen bidez bidali dituzte Gasteiz-Rafah martxako ekimenean bildutako 3.100 euroak.
Ekainaren 12an ekimen jendetsua egin zuten Gasteizen, plaza Berria bete zen Porrotxen eta Arabako hainbat eragileren laguntzaz. Ikastetxe eta elkarte ugarik dohaintzan eman zituzten materialak, jakiak eta bestelakoak, eta jasotako dirua Palestinara bidaliko zela iragarri zuten. Zozketak eginda eta Askatasun doinua liburuaren salmentarekin batera, heldu da diru bidalketaren momentua, Rakel Marti Lezana UNRWA Euskadiko zuzendariak baieztatu duenez.
Bestalde, Gure haurrak ere badira ekimenetik elkartasun bideoak grabatzeko deia egin diete Euskal Herriko haurrei. Euren Instagram kontura igoko dituzte jasotakoak, eta UNRWAren bidez helaraziko dizkiete Palestinako haurrei. Adierazi dute ez dutela atsedenik hartuko genozidioa gelditu arte, "gure seme-alaben bizitza eta etorkizuna jokoan dago eta".