Gasteizko hezkuntza komunitatea beste behin ere batu da Palestinaren alde eta genozidioaren aurka. Palestinako haurrak gureak ere badira lelopean plaza Berria jendez bete da, janariz eta Palestinaren aldeko aldarriz. Ikastetxe bakoitzak bere pankarta ekarri du, eta hiriko zonalde ezberdinetatik zutabeak antolatu dituzte erdiguneraino.
Palestinarekiko elkartasuna adierazteaz gain, bart gauean Egipton atxilotu eta deportatu dituzten kideei ere egin diete aipamena, Rafahko mugara heldu asmo duen martxaren bezperan. "Egiptoko gobernuaren sionismoarekiko konplizitatea" salatu nahi izan dute, eta adierazi ez dutela lortuko "herrien arteko elkartasuna etetea". Porrotx pailazoak girotu du arratsaldea, eta Mitxel Elortzaren Askatasun doinua ipuina ere irakurri dute plazan. Janaria ekarri dute pertsona askok, eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak ere bere materiala jarri du salgai. Bildutako diru guztia UNRWA erakundeari bideratuko diote, palestinarrei laguntzeko.