Greban jarraituko dute Gasteizko lorezainek

Erredakzioa 2025eko uztailaren 9a

Ehun egun baino gehiago luzatu da lanuztea. Argazkia: ALEA

ELA, ESK eta LAB sindikatuek uste dute soldaten hobekuntza ez dela nahikoa; gaur berriro bilduko dira Lan Saileko arduradunekin eta Enviser enpresarekin.

Lorezainek ezezkoa eman diote azken proposamenari. Enviserren enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuek ez dute onartu Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak bere lan baldintzei buruz egindako proposamena, eta, beraz, duela 100 egun baino gehiagotik egiten ari diren grebak aurrera jarraituko du.

Grebari amaiera ematen saiatzeko proposamen bat helarazi die Jaurlaritzak astelehenean Enviserreko zuzendaritzari eta batzordean ordezkatuta dauden sindikatuei, eta asteartean sindikatuek batzar orokor bat deitu zuten, agiri horri buruzko bozketa egiteko. Azkenean, ELAk, LABek eta ESKk akordioa lortu dute proposamena atzera botatzeko, eta ez dute bozketarik egin.

Enviserren lan gatazkaren ondorioz, greba deialdi bat egin zuten martxoaren 26an, hitzarmen propioa eskatzeko eta, batez ere, soldata hobekuntzak eskatzeko, gutxieneko soldata ia gainditzen ez duten soldatak baitituzte.

Langileak eta enpresa gaur bilduko dira berriro Eusko Jaurlaritzako Lan Saileko ordezkariekin. Proposamenaren kontrako jarrera jakinaraziko diete langileek, hemendik aurrera eman daitezkeen pausoak mahai gainean jartzearekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago