100 egun bete dituzte greban Gasteizko lorezainek

Erredakzioa 2025ko uzt. 4a, 11:18

Martxoaren 26tik daude greban Enviserreko lorezainak. Argazkia: ALEA

Mobilizazioa eta jaialdia egingo dituzte gaur arratsaldean. Udalaren zerbitzuko lorezainek bat egin dute azpikontratatutako lorezainen aldarrikapenekin. Enpresarekin azken bilerak ez zuen emaitzarik eman, eta Jaurlaritzatik bi aldeak deitu dituzte astelehenerako.

100 egun daramatzate greban Gasteizko Udalak azpikontratatutako Enviser enpresako lorezainek. Martxoaren 26an abiatu zuten protesta, lan baldintzak hobetu eta hitzarmen propioa eskatzeko, baina oraindik ez da akordiorik lortu eta greban jarraitzen dute langileek.

Enpresa eta langileen ordezkariak asteazkenean izan zuten laugarren bilera Precoan, Lakuako lan gatazken bitartekaritza zerbitzuan, baina ez zen oso bilera emankorra izan, sindikatuek azaldu dutenez. Enpresak ez du bere eskaintza ia aldatu, eta udalaren utzikeria ere salatu dute, beharrik gabe gatazka luzatzen egotea leporatuta.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailetik bilera batera deitu dituzte Enviser eta langileen ordezkariak, bien arteko hurbilpena bilatu nahian. Datorren astelehen arratsaldean elkartuko dira, eta "errealismo eta erantzukizunez" jokatzeko eskatu diete bi aldeei.

Gaur arratsaldean manifestazioa deitu dute Enviserreko lorezainek, 18:30ean Artiumetik abiatuta, grebaren ehungarren eguna dela salatu eta beren aldarrikapenak berriz plazaratzeko. Ondoren elkartasun jaialdia antolatu dute Gasteizko Gaztetxean, "musika eta jaia" izango dira bertan 20:00etatik aurrera.

Udaleko lorezainak azpikontratatuen alde

Enviserreko lorezainek zaintzen dituzte gehienbat Gasteizko lorategiak eta eraztun berdea, baina udalak baditu lorezain batzuk zuzenean kontratatuta. Langile hauetako askok idatzi bat plazaratu dute gaur, Enviserreko lorezain azpikontratatuen alde eta pribatizazioaren kontra. Udal lorezainen erdiak baino gehiagok sinatu du jada testua.

Bertan, babesa adierazi diete Enviserreko langileei eta gaurko mobilizazioarekin bat egingo dutela adierazi. Ezarri dizkieten gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute, eta zerbitzu publikoen alde egin dute, pribatizazioa gaitzetsiz. Udalari dei egin diote daukan ardurari heldu diezaion berak azpikontratatutako langileen auzietan.

Precoa "maltzurkeriaz" erabiltzen

Precoan izandako laugarren bileran greba batzordeak aurkeztutako proposamenean, "ahalegin handiarekin", eskaera batzuk jaitsi zituzten , "2025erako soldata espektatibak 3000€ linealetatik 1000€ linealetara jaitsiz" hurrengo hiru urteetarako. Horrez gain, KPIaren eguneratzea eta eros ahalmenaren galera 2028ra atzeratu dute, beren aldetik.

Baina, sindikatuen esanetan, "erabat etsigarria" izan da enpresaren erantzuna. Egindako proposamen ekonomikoa "adarjotzea" izan dela adierazi dute, ez baita ia mugitu orain arte mahai gainean zeukan proposamenetik. Proposatutako soldata igoeren ehunekoak aldatu ditu, baina emaitza bera dela salatu dute. Precoren bitartekaritza eskatu aurretik urtean %3ko igoera proposatzen zuen 2027ra arte, eta proposamen berrian jaso dutena da 2025ean %4 igotzea, 2026an %3 eta %2a 2027an. "Enviserrek lau bileratan ez du mugimendu ekonomikorik egin".

Udalari eta Enviserri leporatu diete gatazkaren konponbidea atzeratzen jarraitzea, eta "maltzurkeriaz" erabiltzea Precoren bitartekaritza. Adierazi dute udalaren erantzukizuna dela "berak azpikontratatutako plantilla pobrea izatea". Gainera, adierazi dute dirua badagoela, milioi bat euro inguru ordaintzeari utzi dio udalak lan gatazkaren ondorioz, eta horrek "tarte ekonomikoa" ematen duela. "Ordaintzeari utzi diotenarekin, gatazka konpon daiteke", ohartarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago